GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

GENERO INDARKERIA EUSKAL HERRIAN

Ustez bikotekidea hil eta bere buruaz beste egin du gizon batek Baionan

Ostiral goizean gertatu zen ezbeharra Baionan. Badirudi gizonak bere bikotekidea labankadaz hil ostean bere buruaz beste egin zuela. Poliziaren ikerketek oraindik ez dute datu gehiagorik eman. Sophie Laudette da hildako emakumea, medikua zen lanbidez eta bi seme-alaba zituen. Gutxienez bost dira jada aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak.

p005_f01.jpg

GARA | BAIONA

Bi pertsona hilik aurkitu zituzten ostiralean, Baionako Santespiritu auzoan. Emaztea hil eta gero gizonak bere buruaz beste egin ote zuen ikertzen ari da ordutik Polizia. Emakumea Sophie Loudette dela baieztatu dute. Bere familia Biarritzen bizi da eta hildakoak mediku gisa egiten zuen lan Bordelen.

Hildako gizonak 40 urte inguru zituen, eta, emakumeak, aldiz, 36. Emakumearen etxebizitzan aurkitu zituzten bi gor- puak eta labankada aztarnak zituzten biek.

Sophie Loudetten familiak eman zuen abisua. Emakumeak lan hitzorduak zituen ostiral goizean, eta, horietara azaldu ez zenez, medikuaren lankideek Loudetten gurasoengana jo zuten kezkatuta. Emakumearen aita Biarritzetik Baionako Brigadier-Muscar karrikara hurbildu zen, eta, behin bertan, alabaren apartamendua barrutik giltzaz itxita zegoela konturatu zen. Loudette jaunak laguntza eskatu zuen orduan eta Angelutik heldu zen lehen sorospena. Suhiltzaileek Brigadier Muscar karrikako apartamenduan sartzea lortu zutenean aurkitu zituzten bi hilotzak.

Labankada aztarnak

Bi gorpuek labankada aztarnak zituzten. Labana ere aurkitu zuten etxebizitzan. Lehen ikerketen arabera, gizonak emaztea hil zuela eta ondoren bere buruaz beste egin zuela uste du Poliziak. Hala eta guztiz ere, asteburu honetan bi gorpuei egindako autopsiak argituko ditu zalantza guztiak. Horren berri datozen egunetan emango dute. Era berean, ustezko hiltzaileak aurrekaririk ote zituen ikertzen ari da Polizia.

Hedabideek hainbat xehetasun eman dituzte hildakoei buruz. Iduriz, gizona informatikaria zen eta Parisen bizi zen. Noizean behin etortzen zen Baionara. Sophie Loudette eta ustezko hiltzailearen arteko harremana orain dela urte bat hasi omen zen. Orain arte inork ez omen zuen gertakari berezirik sumatu duela lauzpabost urte emakumeak Santespiritu auzoan erosi zuen apartamenduaren inguruan.

Sophie Loudette dibortziatuta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Haurrak bere senar ohiarekin ziren ostiral goizean hilketa gertatu zen orduan.

Jada bost dira hildakoak

Dirudien bezala, poliziaren ikerketek Baionakoa genero indarkeria kasua izan dela baieztatuko balute, Sophie Loudette aurten Euskal Herrian indarkeria mota horren ondorioz hildako bosgarren emakumea izango litzateke gutxienez, eta bigarrena bost egun eskasetan.

Aste honetan bertan, astelehenean hain justu, Bilboko erdigunean Hector Melacio Reynak Daisy Mendoza bikotekide ohia hil zuen, labankadaz. Hector Melacio Reyna Basauriko kartzelan espetxeratu dute. Gizonezkoak urruntze agindua bazuen ere, maiz urratzen zuela jakin da; horren erakusle, bikotekide ohia bere etxebizitzako atarian bertan hil zuen. Hiru seme-alaba zituzten elkarrekin.

Uztailaren 3an, Fredy Apolok Rosario Roman de la Fuente bikotekide ohia hil zuen, kalean, Hernanin, labankadaz hau ere. Rosarioren alabari ere eraso egin zion gizonak, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Atxilotu bezain laster kartzelaratu zuten gizonezkoa. Aurretik gizonak Rosario Roman behin baino gehiagotan jo zuela azaldu zuten senideek; hala eta guztiz ere, emakumeak ez zuen urruntze agindurik. 55 urte zituen.

Hamazazpi egun lehenago, ekainaren 3an, egun preso dagoen gizonezko batek 31 urteko emakume bat hil zuen, Durangon. Antza denez, bikotekideak ziren. Durangoko emakumearen kasuak ia ez zuen oihartzunik izan komunikabideetan, izan ere, hasiera batean suizidioa zela pentsatu zuen Poliziak. Ikerketek aurrera egin ahala, aldiz, gizon bat atxilotu zuten ustezko hilketaren egile gisa.

Yanela Zarumak 22 urte zituen, apirilaren 4an, Beriaingo urtegian, hilik aurkitu zute- nean. Bikotekide ohiak hil zuen Burlatako bizilaguna. Handik gutxira atxilotu zuten bikotekide ohia eta berak aitortu zuen Zaruma hil izana. Geroztik espetxean dago.

ezer arrarorik ez

Badirudi orain arte inork ez zuela gertakari berezirik sumatu Luodettek duela lauzpabost urte erositako apartamenduaren inguruan.

BOST EGUNETAN BI

Lau egun lehenago, astelehenean, beste hilketa matxista bat izan zen Bilbon, hau ere labankadaz eragindakoa: Daisy Mendoza zuen izena emakumeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo