GARA > Idatzia > Kultura

Itziar Villafañez | Bilboko Konpartsak

Mugiezina mugitzen ari gara

Bota genuen erronka, mugiezina ematen zuena mugituko genuela, jaiak eta Udala mugituko genituela, eta lortu dugu! Iaz Euskal Herriko jai batzorde ezberdinek urtean zehar egindako hausnarketa komunean argi geratu zen udal eta instituzioek jai herrikoien ordez pribatizazioaren alde egiten dutela. Herritarron parte hartzea gutxiesten dute, zigorrak ezartzen dizkigute, adierazpen askatasuna mugatzen dute... Eta horretan Azkunaren Bilbo ezin daiteke gutxiago izan, turistentzako eraikitzen dauden eskaparatezko hiri honetan herritarron parte hartzeak ez baitu lekurik. Konpartsoi jai batzorde mistoan gure lekua kentzen saiatu dira behin eta berriz, hainbat aktibitate egitea debekatzen digute... eta aurtengoan ere Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsek ezin izan dute txosnarik muntatu. Baina iazko hausnarketan beste ondorio bat ere atera genuen, jai herrikoiak direla herriak nahi dituena, eta posible dela erasoei aurre egitea. Iaz plantoa egin genuen gure egoera salatzeko, eta argi geratu zen konpartsarik gabe ez dagoela Aste Nagusirik. Aurten ere, egoerak bere horretan jarraituta, berriro ere Planto Eguna egin dugu, baina, pausu bat gehiago emanda, asteazkenean Bilboko Kale Nagusian gure harrotasun, kolore eta alaitasunarekin, 28 konpartson eta herritarren indarrarekin erakutsi genuen mugiezina mugi daitekeela, eta ziur gaude gauzak aldatzeko bidean gaudela.

Aurtengo Aste Nagusia izugarria izan da. Beste behin ere erakutsi dugu daukagun jai eredua bilbotarrok nahi duguna dela, munduan parekorik ez duela, eta defendatzeko prest gaudela. Zoritxarrez, beste behin ere, jaiekin inolako zerikusirik ez duten elementuak hauek izorratzeko ahaleginean aritu dira; eraso sexista eta homofobo onartezinak dira horren erakusle. Erasotzaileak jaietan eta edonon soberan daude, kaleak eta jaiak gureak direlako! Baina hori alde batera utzita, giroa ezin hobea izan da, gero eta jende gehiago hurbiltzen da antolatzen ditugun doako ehunka ekimenetara, ikustera, parte hartzera, hiriak bederatzi egun hauetan eskaintzen duen guztiaz gozatzera. Munduko jai onenak prestatzen jarraitzen dugulako! Eskerrik asko denei, jaiak denonak direlako, denon artean defendatu eta bultzatzen ditugulako. Eta datorren urtean Aste Nagusia oraindik hobea izango delako, guztion artean mugiezina ematen zuena dagoeneko mugitzen ari garelako!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo