GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

«Zorte on!»

 

Eskerrik asko! Baina... aukeran indarra nahiago! Astebete pasa zaigu Benidormeko kaleetan aurtengo Vuelta hau martxan jarri zenetik, eta ordutik hamaika esfortzu egin eta berotualdi edarrak hartu ditugu. Tropelean nabaria da hori, eta nekea, «hanketako min kronikoa» eta indarrak murrizten hasiak direla askoren ahotik entzun dut egunotan.

Beroak sarraski handiak eragin ditu eta sailkapeneko denbora tarteak ikusi besterik ez dago horretaz konturatzeko. Tarte handiak daude eta tropeleko laurdena inguru jada ordubete baino gehiago galduta dago astebetean, eta hori oraindik ibilbiderik gogorrena iristear dagoela... Batek baino gehiagok gorriak ikusi behar ditu datozen bi asteotan...

Indarrak justu antzean izanagatik, ilusio eta animoz gainezka abiatzen gara goizero sinadura kontrolera eta irteerako eremura. Bertan, txantxaren bat edo beste egin eta irteera ematen diguten unean, inguruan gaudenon artean beti errepikatzen den esaldia «zorte on!» izaten da. Egia esan, eskertzen da geure artean daukagun kiroltasun jarrera hori, baina, gaurkoan, Jorge taldekideak eman didan erantzunak grazia egin dit: «Zortea beharrezkoa duk baina... ihesaldia harrapatu edota etaparen lehian ibiltzeko aukeran indarra banu nahiago!».

Hala da gehienetan, baina ihesaldian sartzea batzuetan bai izan ohi da zorte kontua. Bi ihesaldi mota daude. Batetik, «baimendutakoak» daude; horietan sartzea zorte kontua izan ohi da, arrakastarako aukera gutxi izan ohi badute ere. Bestetik, indarrez egiten direnak daude; horiek egoera zailetan sortzen dira eta jende indartsuak osatutako taldeetan arrakastarako aukerak handiagoak izan ohi dira.

Bestalde, etaparako lehia horretan, zortea beharrezkoa dela ezin ukatu, baina, hori bai, batez ere indarra behar da Jorgek esaten zuen bezala; are gehiago gaurkoa bezalako helmugetan! Saiatu... saiatu gara, baina Puritok beste guztiak baino indartsuago dagoela erakutsi digu beste behin; bide batez honelako aldapa pikoetan aurkaririk ez duela berretsi du. Zorionak berari eta bere talde osoari: sekulako itzulia egin eta merezitako emaitzak jasotzen ari dira.

Gure aldetik, pozik gaude: Igor pixkanaka bere onera etortzen ari dela dirudi, Mikelek sailkapeneko lehen postuetan tinko darrai eta gainerako taldekideok ere indarrez nahiko ondo gaude. Horrenbestez, gure helburuak betetzeko esperantzarekin jarraitzen dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo