GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Bigarren maila

Mikel Saizarrek nota oso onarekin ekin dio maila berriko ibilbideari

J.L.

Estatu espainoleko Bigarren Mailan lehen aldiz arituko dira jokalari batzuk, eta horien artean Mikel Saizar ibartarra dago. Atezain gipuzkoarrak igo berria den Guadalajara taldean jokatzen du, eta larunbatean egin zuen bere estreinaldia.

Bana amaitu zen norgehiagoka, baina Saizarrek lan ona egin zuen, aipamen onak besterik ez ditu jaso. Talde berean dira Arriaga, Jonan Garcia eta Gago ere, eta horiek ere titular izan ziren, nahiz eta Arriaga bigarren zatiaren erdian aldatu zuen entrenatzaileak.

Numanciak ere jokalari euskaldun mordo bat badu, baina hiruk besterik ez zuten jokatu larunbatean Alcoyanoren zelaian. Horiek ere bana amaitu zuten. Jaio, Unai Exposito eta Gorka Larrea aritu ziren hasieratik, eta hirurek amaitu zuten norgehiagoka. Huescan ere euskaldun dezente dira, baina han Josetxo bakarrik aritu zen hasieratik, eta Osasunako jokalari ohiak 90 minutuak jokatu ahal izan zituen.

Iñigo Velezek ere lan ona egin zuen bere Xerez berriarekin. 0-1 irabazi zuten Alcorconen zelaian, eta gasteiztarra hasierako hamaikakoan egon zen, nahiz eta gero aldatu egin zuten. Cartagenan, berriz, bazirudien Goiriak ez zuela jarraitu behar, baina lehen partidan 90 minutuak jokatu zituen Herculesen zelaian, nahiz eta 2-0 galdu zuten.

Murciak ez zuen Bigarren Mailarako itzulera ona izan, 1-3 galdu baitzuen Celtarekin. Galder Cerrajeria bigarren zatiko 12. minutuan zelairatu zen, eta jokalariak lan txukuna egin zuen.

Frantziako Bigarren Mailan, Martins Pereira baionarrak 90 minutuak jokatu zituen Nantesekin. Nahiz eta bere taldeak 2 eta 1 galdu zuen Toursen zelaian, lapurtarrak lan ona egin zuen.

Bigarren B mailan jokatu duten euskal jokalariak itxuroso ibili dira. Agian nabarmenena Goikoetxea izan da. Real Unioneko jokalari ohiak, gainera, gol bat egin zuen. Badalonan ari da jokatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo