GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Funanbulistak

Irailean sartzearekin batera, aldaketa dantza eroan sartu ohi gara. Oporraldia bukatuta, datorren ikasturteari aurre egiteko planak antolatzen ditugu, eta horretan gaudela, ohiko bizitzak bere barnean murgiltzen gaitu berriz.

Iraila, baina, bereziki izaten da zaila seme-alabak dituzten familientzat. Alde batetik, egungo eskolak eskatzen duen guztia eskuratu beharra dagoelako -liburu pila bat, era bateko eta besteko materialak, kasu-; bestetik, eskolaz kanpoko denbora ere antolatu egin behar zaielako haurrei, dela kirola, dela hizkuntzen ikasketa, dela musika edo arte-diziplinaren bat lanaraziz, etorkizunean osasuntsuak zein ezin hobeto prestaturiko helduak izango badira, eta jakina, gurasoek lan egiten jarraituko badute. Gainera, badago urte osoan zehar gertatu baina irailak nabarmentzen duen beste zailtasun bat: kulpa sentimendua.

Zahar bezain indartsua, oro har; eta seme-alaben heziketari eta gehiago egin ote genezakeen kezkari dagokionez, zehazki, are zahar eta indartsuagoa. Pare bat hilabetez haiekin gehiago jolastu eta euren ateraldiak eta bihurrikeriak hurbiletik jarraitu ondoren, eurekin ia egun osoz bizi ostean, bizitza errealaren errutina inposatzen da bat-batean, txikiak eskolara eta helduak lanera. Ondorioz, sarri, iluntzeko ordu nekatuak eskaintzeko aukera besterik ez. Gainerakoan zertan ibiliko diren, zelan sentituko diren, ezjakintasunak pizturiko milaka kezken eta haiei onena emateko eta, aldi berean, norberak bizitza propioa izaten jarraitzeko lan egin beharraren artean igerian. Kulpa sentimenduak janda.

Nik neuk gogoan dut zelan, nerabezaroan, ika-mikan hasita edo tristurak edo amorruak helduta, amari aurpegiratzen nion ez zela sekula etxean egoten behar genuenean, gauzak gertatzen zirenean. Lana askoz ere gehiago inporta zitzaiola, familia baino kanpokoak lehenesten zituela; gupidarik gabe botatzen nizkion, argi gera zekion ez zitzaidala normala iruditzen bere bizitzako muina ni ez izatea, «familia arruntetan» bezala, lagunen amen bizitzetan bezala. Askoz beranduago konturatu nintzen hitzok, gaitzespenok, inoiz ez nizkiola aitari esan, hura bakean uzten nuela lanetik heldutakoan, egin beharrekoak egin ostean etxera heldu eta lasaitasuna baino ez zuelakoan merezi. Amaren jokabideak amorratzen ninduen, zergatik ez zegoen etxean ulertu barik. Bazegoenean, benetan egotea, nirekin hitz egitea, nire gauzez galdetzea, etxerako lanak egiten laguntzea, muxu eman eta laztantzea, ahal zuen guztia egitea, ez nuen kontuan hartu ere egiten. Eta gerora ohartu nintzen zein bidegabea izan nintzen, berez barruan zuen sentimendu hori, emakumeon etxeko marka, zelan areagotu nion, zein zaila jarri nion.

Horrela jarraitzen du ama langilearen egoerak egun ere, modu zoli askotan eta alde askotatik juzgatua, zaintza desegokiaren eta ondorengo gaitzen errudun bihurtua, esparru guztietan ezin hobea izatera kondenatua, jendarteak bere ongizaterako behar duen etxeko andrearen eta, bestalde, modernitatearen mozorropean, bultzatzen duen andre osoaren artean zintzilik, funanbulisten moduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo