GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Jaunttoak, gatazkan partaide

Errepresioaren bidea da Parisek eskaintzen duen bide bakarra. Ondorioz, errepresioaren kontrako lana, presoen askatzeko aldarrikapena sekula baino garrantzitsuagoa izan behar da

Aste honetan auzi biziki garrantzitsua iragan da Parisen. Oso gutxi aipatu da. Alta, auzi horretan epaitzen zirenak ordezkari politiko hutsak ziren, erran nahi baita gatazka batetik ateratzeko bideak urratzen saiatu ziren pertsonak epaitu dituztela. Noski, argumentazio juridiko bat aurkitu dute jende horien espetxeratzeko, kriminalizatzeko eta epaitzeko. Hitz bakarrarekin azaltzen dute dena: «terroristak». Frantses legedia lege hertsapenez josi dute eremu politikoa mugatzeko eta politika jarduera zailtzeko. Hasteko, hertsapen horiek ondorio zuzenak dituzte frantses jendartean, oraindik ez baditu neurtzen, ez baita zuzenean hunkitua oraindik. Ondoren, marra gorria hunkitzen dute konponbide politikoa bilatzeko lanean ari zirenak kondenatzen badituzte. Konponbideak aurkitzeko ez bada, zertarako da politika?

Gure buruari ere luza diezaiokegu galdera, auzi honek oihartzun gutxi izan baitu Ipar Euskal Herrian. Agiri soil bat!

Epaituek, berriz ere, frantses Estatuak gatazkan duen inplikazioa gogoratu dute. Hau da errepikatzen aritu behar duguna. Gure eguneroko bizi politikoan mahai gainetik kentzen diguten gaia da, askoz errazagoa baita gai teknikoez hitz egitea, gai oso konkretuak, sakondu gabe aipatzen direnak inor haserre ez dadin. «Bestetan euskal presoen hurbilketaz aritzea ez da garai hoberena, urtean zehar aipa genezake», zioen herriko auzapezak. «Zertarako elkarretaratzea? Ospa ditzagun bestak, denak ados egoteko unea da». Hau da jaunttoek behar dutena, gatazkak baztertu. Gai garrantzitsuak aipatzeko uneak desagerrarazi. Jaunttoak beti adostasun batzuetara heldu dira, beraien arteko desberdintasunak desagertzeko arriskuraino helduz.

Urte politikoaren hasiera dugu, Senaturako bozak hor ditugu. Jaunttoen arteko hauteskunde horiek UMPren nagusitasuna baieztatuko dute Ipar Euskal Herrian. Ez da senatari euskaldunik izanen. Ez du horrek erran nahi abertzaleek plazaratzen dituzten aldarrikapenak ez dituztela entzun. Haatik, tokiko senatariek aldarrikapen horiek hemen atxikitzen ahalegindu dira. Ondorioz, bozgorailuak indartu beharko ditugu. Horretarako, ordezkaritza emendatzen joan behar dugu, eta normalki, Aralarrek Bildurekin joatea erabaki baldin badu, datozen hauteskunde guztietan EHBai koalizioak ez luke arazorik izan behar hauteskunde guztien dinamizatzeko. Hau da berri ona!

Ematen du azken boladan politikan asmatzen ari garela!

Alta, Parisen, aterabide politiko baten bilatzen ari zen ordezkaritza epaitzen dute, kondenatzen dute. Errepresioaren bidea da Parisek eskaintzen duen bide bakarra. Ondorioz, errepresioaren kontrako lana, presoen askatzeko aldarrikapena sekula baino garrantzitsuagoa izan behar da. Ezin dugu senideen esku utzi bakarrik. Elkartasun eremua sekula baino azkarragoa izan behar da, jendartearen babesa ziega bakoitzeraino heldu behar da, ateak ireki arte. Bertan daudenekin lortuko baita herri honen askapena.

Ipar Euskal Herriko auzapez bakoitzak, hautetsi bakoitzak jakin behar du euskal gatazkaz galdekatzen dugula, herritar bakoitzarenganaino heldu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo