Surflari ernegatua
Mesrine eta «lifestyle»
Berriki Bobby Martinezi egin dioten elkarrizketak hautsak harrotu ditu. Lehiakide, marka babesle eta ASPko kideek ez dute ezer esan, baina surflarien artean eta foroetan asko eztabaidatu da berak esandakoen inguruan. Bobbyri elkarrizketa egin zioten web orrian (www.cisurfboards.com), elkarrizketaren azpian jendeak egindako komentarioak irakur daitezke, eta elkarrizketa bera baino askoz ere interesgarriagoak dira, dudarik gabe.
Elkarrizketan gauza asko esaten ditu Bobbyk. Egungo surf profesionalaren eta industriaren arteko lotura estuegia kritikatzen ditu eta gauzak egiteko beste modu bat defendatzen du, bizitzeko beste modu bat. Horrelako elkarrizketetan, surfaren industria kritikatu ohi duten surflariek beti erabiltzen duten esamolde bat erabiltzen du Bobbyk, beste bizimodu bat, beste mundu ikuskera bat defendatzeko; lifestyle famatua.
Zer da «lifestyle»? Behin eta berriz errepikatzen dute surflariek, surf iragarkietan gehien erabiltzen den hitzetako bat da; hiztegietan ez du zentzurik, baina antza, mundu guztiak ulertzen du bere esanahia. Bere esanahi guaya! Bertsolariek egiten duten moduan, ezer esan gabe denekin ongi geratzeko bitartekoa da. Denok maite dugun kontzeptu konplexu baina erakargarri bat.
Surf egiteagatik dirua jasotzeko bi modu daude, bata txapelketetan jardun, eta bestea freesurfer bat izan. Bigarrengo hau da denek maite dutena, argazkiak atera, erreportajeak egin... nolabait aldizkarietan atera propaganda egiteko. Baina, freesurfer orok egin behar izan du bere ibilbidea txapelketetan, bere burua ezagutzera emateko eta talentua duela erakusteko.
Freesurfer-ak onenak dira, nomadak, ekologistak, sanoak, adjektibo txarrik gabekoak, munduko gauza on guztiak biltzen dituzte beren izatean. Baina, marka izen batek sortutakoak dira, irudi bat saldu behar dute eta irudi hori elikatzen dute. Eredu bat aurkezten dute, eta mundu ikuskera bat saltzen dute, lifestyle-a.
Beraz, industriak eraikitako fikziozko pertsonaia eta benetako pertsonaia nahasten saiatzeak emaitza onak eman ditzake, ikuslea erraz engainatzen da, benetako pertsonaia, egiaz, ezezagun baitzaio, baina norberaren gezurrak sinestearekin bakarrik ez da nahiko. Gauza bat da marka izenek ezarri dizuten irudi hori eman beharra, eta bestea, antzeztu beharrekoa eta egiazkoa nahastea.
Surf egiteagatik diru saria jaso eta surfa ogibide izan nahi duenak, ezinbestean surfaren industriak ezartzen dituen joko arauen arabera jokatu baino beste erremediorik ez du.
Lifestyle hori hitzetik hortzera darabiltenen artean, oraindik ez dut inor entzun honakoa esaten: «Askoz ere diru gutxiago emango didaten, baina askoz ere gutxiago eskatuko didaten babesle apalagoekin bizi daiteke; diru gutxiago, bidaia gutxiago, olatu txar gehiago, propaganda gutxiago, baina bizitzeko nahiko». Hori koherenteagoa litzateke, baina antza, inork ez ditu diruak eskaintzen dituen erosotasunak alde batera utzi nahi.
Lifestyle delakoaren apologia egiten dutenei eta fikziozko pertsonaia egiazkoarekin nahasten saiatzen direnei, bankuak lapurtzen zituelako bere burua iraultzailetzat zuen Mesrine lapur frantsesari bere kide batek esandakoa gogoraraziko nieke: «Hik sistemaren aurka hoala uste duk, baina, egiaz, jaten ematen diok, lapurtutakoa luxuzko auto eta arropetan xahutzen baituk. Ni ez noa sistemaren kontra, alderantziz, zenbat eta sistema indartsuagoa, orduan eta hobeto, hartaz etekinak ateratzea baitiat xede». Agian, lehiakideak «saldu» batzuk izango dira lifestyle-zaleen begietara, baina gutxienez haiek badakite non dauden eta zer diren.