Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
%24 = 34ko platera eta 28 koroa? Ez, ez, 44,5!
Avileseko irteeran urduritasuna nabari zen, etapa motza izan arren zeruko atarian jarrita zegoen helmuga, Angliru erraldoian. Bingoan bertan baino zenbaki gehiago entzuten ziren: ehuneko 24ko pendiza igotzeko zenbat hagineko platera eta zenbateko pinoia behar ziren galdetzen zuen jendeak; zenbat pisatzen zuen bizikletak... 34ko platera, 28 edo 30eko pinoia... nahikoa izango ote ziren zalantzan txirrindulariak -Nik 28arekin igo dut eta nahiko lan egia esan!-. Eta hara non esaten didan Markelek:
-Nik 44,5arekin igongo xuat!
-Zelan igongo dok 44,5arekin? Holakoik ez badok existitzen!
-44,5 zapatila tailla jaukat eta oinez igo biharko dotela uste xuat!
Hori barre piloa egin duguna...
Etapa, esperotako antzera joan da, ihesaldi kontrolatua, Cordalen gora lehenengo selekzioa egin da, eta Anglirun gora etapa jokatu da onenen artean. Gure apustua Igor Anton zen eta aldaparik gogorrena hasi bezain pronto, zart! Aurrera jo du ausart eta lotsagabe (egun txarrak pasa ditu baina... Piztu da piztia!!!).
Azkenean, Juanjo Coboren erakustaldia ikusi dugu. Oso ondo zegoela bagenekien, baina inork gutxik espero genuen hanka gihartsuak dituen gizasemeak 60 kilo eskas ditugun igotzaileei gaur egurra emango zigunik. Pesa-ko bisonteak -ezizen hori erabiltzen dute bere lagunek- indartsuena dela erakutsi du, eta sari potoloa eraman du, gainera, etapa irabazi ez ezik, mailot gorria ere bereganatuko duelako.
Sinestezina da, aurtengoa izaten ari den moduko Vuelta gogorra izanda, horrenbeste etapa goian bukatuta, erlojupeko luze eta abarrekin, sailkapen nagusiko lehen postuak hain segundo gutxiren barruan egotea! Dena dela, une honetan txirrindularioi gehien ardura digun kontua ez da hori; garrantzitsuena, bi aste gogorren ondoren... BIHAR ATSEDENA!!!