GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

pirinioak | Bide berria

Ugatzaren begiradapean Agur eta ohore, Marboreko Dorrean

Antton Zabalak eta Ekaitz Maizek 300 metroko sormen lan berria sinatu dute mendiaren ipar paretan. Behetik zabaldu dute, progresiorako eskalada artifiziala erabili gabe. Abuztuaren 27an kateatu zuten, eta bigarren luzea da gogorrena; 8a zailtasunekoa.

p040_f02_148x140.jpg

p040_f03_98x160.jpg

p040_f04_98x180.jpg

p040_f05_ona.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ugatzaren hegada dotoreak askatasun kutsua hedatzen du; bederen, hala adierazten du ozen Gavarnieko murru erraldoien ingurumarian dabilenak. Ugatz horrek, besteak beste, Marboreko Dorrearen ipar pareta enblematikoa zaintzen du. Bera da hormatzarrean jarduteko keinuak botatzen dituena. Antton Zabalak eta Ekaitz Maizek ez diote ihes uzten utzi hegaztiak eginiko gonbitari; beraiek ere, ugatza bezala, libreak direlako eta askatasunaren ikurra altxatu nahi dutelako. Botereak eta haren sarean erortzen diren gizabanakoek ziurrenik besterik esango dute, baina ugatzak, Zabalak eta Maizek osatzen duten hirukote aske horrek, bere jardunarekin, deuseztatu egin ditu ahaltsuen argudio guztiak.

Duela urtebete ezagutu zuten elkar, eskalatzaileok agertoki bereko «Woodpecker´s» bidea igo zutenean. Inolako zalantzarik gabe, pareta horrek hipnotizatzen du, eta hernaniarrak eta etxauriarrak izaniko eskarmentuak irudi hori erakusten du: «`Woodpecker´s' bidea eskalatzen ari ginela, sormen lan berriak egiteko aukera zabala ikusi genuen. Lau bide zeuden bakarrik, eta begiztatu genuen marra batek harrapatu gintuen».

Ugatzak sokadaren asmoak entzun zituen, eta urtebetez zaindu, txukundu eta gorde egin die eskalatzaileoi beren helburua. Zabala eta Maiz irrikatzen zeuden beren lagunaren paradisura itzultzeko. Ugatzak beste «lan» bat ere bazuen oraindik: pareta lehor mantendu eta eguraldi ona ziurtatu, baldintza onak izateko. Dena lotuta zegoenean, eskalatzaileok lehen agerraldia egin zuten: «Hiru egunetan zabaldu dugu: abuztuaren 30 eta 31n, eta abuztuaren 10ean. Aukeratutako marrak ez du aukerarik eskaintzen material finkoa ez den beste ezer jartzeko. Zulagailuaren bateriek ez zuten gehiagorako ematen, eta horregatik, hiru bidaia egin behar izan ditugu. Gainera, paretaren morfologiak ez du asko laguntzen, eta asko nekatzen du. Eskerrak baldintzekin zortea izan dugun; zabaltzen jardun genuen bitartean pareta lehor zegoen eta zeru urdina genuen».

Zabaldu bai, zulagailuarekin paraboltak jartzen, baina zalantzarik gabe, erabilitako estiloa azpimarratu behar dugu. Zabalak lehen aldia zuen pareta alpino batean; Maizek, berriz, Ezkako arroilan baditu sinadura batzuk. Lehen eskarmentua izateko, hernaniarrak (23 urte ditu) lekukoa «maisuari» pasatu zion: «Nire lehen eskarmentu serioa zen. Pentsa `Woodpecker´s' bidea eskalatu nuenean ez nekien non sartzen ari nintzen. Behin pareta hori ezagututakoan, flipatu egin dut. Egundoko ilusioa eman dit sormen lan horretan parte hartzeak. Hori ez da nire ingurunea; ni batez ere kirol eskaladan murgiltzen naiz. Lehen esperientzia izateko, dena ondo atera da. Gogorra izan da, baina, era berean, oso eskarmentu aberatsa izan da niretzat».

Protagonista horren lehen urratsa izanik, Maizek ardura hartu eta luze guztiak berak zabaldu zituen. Zabala ahoa bete hortz geratu zen kidearen jardunarekin: «Ekaitzek bidea nola zabaldu eta ekipatu duen, hots, ze estilo erabili duen, txundituta utzi nau. Nik eskarmenturik ez daukat, baina uste dut estilo horretan oso gutxik lan egin dezaketela. Erakartzen nau horrela ekipatzeak, baina, aurreratu dudan bezala, esperientzia gehiago behar dut. Ekaitzek eginiko lana txapela kentzeko modukoa da».

Bai, Maizen sormen lanak ezagututa, ez gaituzte batere harritzen Zabalaren hitzek. Etxauriarrak estiloari benetako garrantzia ematen dio: «Ezkako arroilan zabaldutako bideak nire ibilbidean inflexio puntu bat izan ziren. Oraingoan ere estilo bera erabili nahi izan dut: behetik eta progresiorako eskalada artifiziala erabili gabe. Marbore Dorreko ipar pareta horretan ikusi genuen marrak horrela agintzen zuen. Paraboltak jartzeko gakoen laguntza izan nuen, baina ez pentsatu askotan izan zenik. Ia gehienetan laguntzarik gabe jarri nituen; hots, soilik besoak eta hankak lagunduta. Ahal nuenean parabolta jartzen nuen, eta horrela bada, luze batzuetan nahiko urrun geratu dira. Estilo hori aukeratzeak hori dauka».

Seigarren marra

Bide guztia, 9 luze, zabaldu eta ekipatu ondoren, sormen lan berriari «Agur eta Ohore» deitu zioten. Baina oraindik beste helburu bat zintzilik zuten. Hots, bide berria kateatzea. Handik bi astera, abuztuaren 27an hain zuzen ere, Zabala eta Maiz berriro ipar horma horren azpian zeuden. Hara iritsi aurretik ugatzari «fabore» bat eskatu zioten: egun borobila izatea. Eta hala izan zen.

Etxauriarrak sokaburuaren ardura hartu zuen berriro ere: «Egun borobila izan nuen; den-dena ondo baino hobeto atera zitzaidan. Luze guztiak lehen saioan kateatu nituen. Oso sentsazio onak izan nituen. Luze bat oso bustia zegoen, baina, haatik, lortu nuen askatzea. Anttonek, berriz, eremu honetan eskarmentu gutxi dauka, eta, zoritxarrez, ezin izan zuen bidea kateatu. Ondo jardun zuen, dena eman zuen, baina, luze gogorrak daudenez, lan batzuk beste baterako zintzilik utzi ditu. Bigarren luzea, 8a zailtasunekoa, gogorrena da, baina besteak ere gogortasunean ez dira atzean geratzen.».

Era horretara bukatu da bi eskalatzaileok Marboreko Dorrearen ipar horman bizitako eskarmentua. Inolako zalantzarik gabe, sormen lan ederra zein gogorra atera zaie: «Lekuari buruz zer esan dezakegu: apartekoa dela! Harkaitzaren kalitatea bikaina da; hori azpimarratzea nahi genuke. Hala ere, ez ditu erregeleta onak; asko eta asko kamutsak dira eta kanal piloa du. Hirugarren luzea (7a+) kanal bat da, ez da zaila baina paraboltak jartzeko komeriak izan genituen. Bidea paraboltekin ekipatuta dago, baina kutsu alpinoa eta saltsa handia dauka. Ez du luze txar bat bera ere. Eta zailtasuna oso iraunkorra da. Asko eskalatu behar da; hau da, ondo mugitu behar zara, besteak beste oso zati teknikoak dituelako».

«Agur eta Ohore» bidea Marboreko Dorrean zabaldu den seigarren marra da. Zailtasunean, bederen, gogorrena. Protagonistok diotenez, bide hau eta oro har pareta horretan dauden guztiak eskalatzeko garairik egokiena uztaila, abuztua eta iraila da. Jakina, baldintza onak badaude.

Abuztuaren 27arekin, Zabala eta Maizen erronka bukatu zen. Argi dute itzuliko direla, besteak beste, marra berriak ikusi dituztelako: «Pareta horrekin erabat maiteminduta geratu gara; ikaragarri ederra da! Eta horregatik ziur gaude itzuliko garela. Oso eskarmentu ona izan da; zentzu guztietan, gainera. Biok ala biok elkarrekin oso ondo moldatu gara. Dena primeran atera zaigu. Agian, gure ondoan izan dugun ugatza talismana izan da; ez dakigu, baina bera gure ondoan ikustea pribilegioa izan da. Uste dugu zortea eman digula».

estiloa

Bide berria behetik zabaldu zuten, progresiorako eskalada artifiziala erabili gabe. Zailtasun tekniko handikoa da.

«agur eta ohore»

Antton Zabalak eta Ekaitz Maizek zabaldutako bidea Marboreko Dorrearen ipar horman dagoen seigarren marra da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo