trontza Euskal Herriko finalak
Barberena anaiek hasieratik erakutsi dute agintea
Emakumezkoetan Bayer-Larrañaga ziren faborito nagusiak eta iragarpenak aise bete zituzten.
Jon LEUNDA
Ez da ezusterik izan Euskal Herriko Trontza Txapelketan, eta bi faboritoek lortu dute txapela. Barberena anaiek mutiletan, eta Bayer-Larrañaga bikoak nesketan. Herenegun jokatu zen Donostiako Trinitate plazan bi mailetako finala.
Mutiletan, lanean aritu ziren trontzalariek hamar epai eman behar zizkioten 60 ontzako enborrari, eta kana-erdikoari, berriz, bost zutik jarrita, eta beste horrenbeste 54ko enborrari etzanda jarrita.
Barberena anaiak ziren lehiaketa hau irabazteko faborito garbiak. Orain hiru aste Baliarrainen jokatu zen kanporaketan ere oso erraz lortu zuten garaipena, eta zalantza gutxi zegoen herenegungo finalerako ere, eta horrela izan zen.
Ultzamako bikoak hasieratik hartu zuen aurrea, eta amaierara bitarte horrela joan ziren. Ez zuten iazko marka hobetu, baina beren garaipena ez zen inoiz arriskuan egon, eta amaieran garaipena lortu zuten.
Bigarren posturako borroka handiagoa izan zen, baina amaieran, Canok eta Maizak lortu zuten txartel hori, eta podiuma beste biko nafar batek, Lasaga-Galarregik osatu zuten.
Eroso
Emakumezkoetan, aise irabazi zuten Bayer eta Larrañagak. Bizkaitarrak ziren faboritoak, atzora arteko txapeldunek ez baitzuten parte hartu behar, eta ez zuten hutsik egin, eta amaieran txapela jantzi ahal izan zuten.
Bakoitzak 45 ontzako enbor bati hamar epai eman behar izan zizkion. Sorondo eta Garcia saiatu ziren aurretik zituzten bizkaitarrei eusten, baina apurka-apurka ihes egin zieten, eta bigarren amaitu zuten.
Lopez eta Nuñez nafarrek lortu zuten hirugarren postua. Nahiko postu erosoa izan zuten, atzekoak geratu egin baitziren, eta hirugarren postu hori ez zuten inoiz arriskuan izan. Ferran eta Varela arabarrak, berriz, ia hasieratik ibili ziren azkeneko postuan, eta hortxe amaitu zuten final nagusia.
Tubi zen azken urte hauetako lasto-altxatzeko txapelduna, eta bizkaitarrak argi eta garbi utzi zuen zein den onena, berak irabazi baitu aurtengo txapela ere, 24 jasoaldi emanda. Bigarren postuan Berau sailkatu zen 22 jasoaldirekin, eta Seinek osatu zuen podiuma, 21ekin.
Juan Jose Agirregabiriak ez zuen hutsik egin, eta berak irabazi zuen Euskal Herriko Txinga Txapelketa, 24 plaza eginda. Bigarren Sukuntza sailkatu zen 21 plaza eta 10,33 metro eginda, eta hirugarren Perez de Heredia 12 plaza eta 2,44 metro eginda. 50 kiloko txingak erabili zituzten.