GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautetsiek Behatokian parte hartu arren, AHT linea berria salatzen jarraituko dute

Frantses Ministerioak AHTren linea eraikitzeko egitasmoa bi urtez geldiaraziko duela jakinarazi zuen joan den astean. Albistea ontzat eman dute hautetsiek, eta Tren Garraioaren Behatokian parte hartuko dute.

p013_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Lapurdiko hiru herri elkargotako ordezkariek -Roland Hirigoien Mugerreko alkateak, Alain Iriart Hiriburukoak eta Paul Baudry Basusarrikoak- balorazio positiboa egin zuten atzo, frantses Gobernuak joan den astean hartu zuen erabakiaren gainean, Abiadura Handiko Trenaren linea berria eraikitzeko egitasmoa bi urtez geldiarazteko. Bilkura garrantzitsutzat jo zuten Garraio ministroarekin izandakoa, hiru urtez hitzordua eskatu arren, onartu dituzten lehen aldia izan baita. «Orain hasiko da benetan negoziazioa», esan zuen Iriartek.

Ministroak egindako proposamenetan, Tren Garraioaren Behatokiaren sorrera nabarmendu zuten. Estatua, RFF burdinbidea kudeatzen duen egitura eta hautetsiak elkartuko dira Behatokian, eta iragarri zutenez, urritik goiti abian izango da.

Akitaniako prefetak babesten duen txostenari buruz, «oinarrizko arazoa» datuetan dagoela esan zuen Baudryk: «Lortzen badugu frogatzea aurkezten dizkiguten datuak guztiz barregarriak direla proiektua ez da eginen. Hori garrantzitsua da, 2006az geroztik RFFk zernahi erraten baitigu».

Lekuko hautetsi eta elkarteek egitasmo horren baliagarritasunaz urteetan azaldutako zalantzak gaur egun kontuan hartuak direla nabarmendu zuten. Nolanahi ere, Alain Iriartek argi utzi zuen Estatuko ordezkariekin eta RFF egiturekin hitz egiteko prest badaude ere, trenbide berriaren eraikuntzari buruz hasieratik izan duten iritziari eutsiko diotela. «Gu ez goaz bilkuretara ibilbidea handik edo hortik joan behar duen eztabaidatzera; linea berri hori ez dela egingarria frogatzera baizik», gehitu zuen.

Izan ere, bai Kontuen Auzitegiak, bai frantses Parlamentuak kaleratu dituzten txostenek hautetsiek plazaratu zalantza berdinak agertu dituzte, Iriartek nabarmendu zuenez.

Horrenbestez, trenbide berriaren eraikuntzaren aurkako borrokan jarraituko dutela gaineratu zuten. Ministerioak 2013ra arte, hau da, inkesta publikoa hasi arte, zundaketarik ez dutela eginen jakinarazi duela-eta, tarte horretan, ekintzak finkatzen jarraituko dutela azaldu zuten. Behatokian adostasun bat lortuko ez balute, egitasmoaren bultzatzaileek, 2013an inkesta publikoa abiatuko lukete.

Ibilbide orokorrari emango dioten «baliagarritasun publikoko adierazpenetik» Lapurdiri dagokion zatia bereiztea eskatzeko asmoa dute hautetsiek. «Nazioarteko diru funtsek finantzatuko dute Baionaren eta Hendaiaren arteko zatia. Bi urte horietan adostasuna lortzen ez badugu, eta ez badute Lapurdi bereizten, auzibidetik joko dugu. Nahi dugu ibilbide hori hurbiletik ikertua izatea», esan zuen Hiriburuko auzapezak.

Krisiaren eragina

Gobernuak AHT egitasmoan gibelera egin izana borrokari esker lortu dela aldarrikatu zuten hautetsiek, baina krisiak eragina izan duela ere onartuz: «Finantza egoerak badu ziurrenik zerikusia. Espainia oso ahuldua dago, eta Frantziaren defizitak gora eginen duela erraten da. Diru likidoaren premian daude».

Datozen aste eta hileetan, Ministroarekin bilkuran parte hartu duten auzapez guztiekin bilduko dira, eta nola antolatuko diren aztertuko dute bertan.

Egungo linea

Bordele eta Hendaia lotzen dituen egungo linea berritzeko obrak hasiko dituztela hitzeman die hautetsiei Garraio ministroak. Zarata txikitzeko eta azpiegitura modernizatzeko lanak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo