Esmaltaciones San Ignacio-ren itxiera ankerra
Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio lantegiko langileen batzordeak atzo jakinarazi zuenez, «Esmaltaciones-ek bizitza soluzionatzen dizu» mezu ankerra zekarren gutun berean jakin zuten patroiek udan itxiera erabaki, eta kale gorrian utziko dituztela. Itxiera patronala erabaki eta mezu umiliagarri horrekin langileei jakinaraztea bada besteen miseriaren gainean barre egiteko gogo zitala. Patroiek udako geldialdia azpijokoan maniobratzeko erabili, eta oporren bueltan, «opor luzeagoak eta on-onak izan itzazue» esanez kaleratu dituzte 97 langileak. Lotsagabekeria galanta!
Itxiera patronal hau, Daewooko 147 langileena, Ezkirotzeko BSHko 178ena ala Fiteroko Nueva Navarrako 107 langileena bezalatsu, enpresa itxierako enplegu-erregulazio espedienteen ekaitzaren erdian dator. Erraz esaten da gero! Astebete pasatxoan, 529 langile kaleratuta, ehunka familia behar gorrian... bere antzutasuna argiro erakutsi duen politika baten erruz. Nabarmentzekoak, bestalde, Daewoorekin nola Esmaltaciones San Ignaciorekin hala, jaso dituzten diru-laguntza publikoak eta diruok kudeatzen erakutsitako axolagabekeria galanta. Dena erraztu diete patroiei, eskupekoak eman, zergak arindu, ardurak eskatzeari uko egin, eta orain dena eman dien eskuari haginkada eman eta ospa egiten dute. Arduragabe eta zigorgabe! Ikasiko ahal dute txikizio honen arduradun politikoek!