17.000 ikaslek ekin diote ikasturte berriari Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Momentuz gorabehera aipagarririk gabe, lehen eta bigarren mailako 17.000 ikasle baino gehiagok ikasturte berria hasi zuten atzo Ipar Euskal Herriko 195 ikastetxeetan. Horietatik, Seaska sarean, 2.000 inguru ikasle arituko dira Lehen Hezkuntzan.
Ikastolen federazioko ikastetxeetan ez ezik, irakaskuntza elebiduna eskaintzen duten zentroetan ere gora egin du aurten ikasle kopuruak, bai eskola giristinoetan, bai ikastetxe publikoetan Ikas Bi sarearen barruan dihardutenetan.
Lehen eguna istilurik gabe igaro zen atzo, baina 2011-2012 ikasturterako iragarritako irakasle postuen murrizketak (16.000 Estatu frantsesean), datozen egunetan ekarriko ditu, seguru asko, erreakzioak bai irakasle sindikatuen aldetik, bai guraso elkarteen aldetik.
Angelun, janari ekologikoa
Baionak duela bi urte hasitako bideari jarraiki, aurtengo ikasturtean Angeluko ikastetxeetako jangeletan eskainiko diren barazki eta fruituak %100 ekologikoak izango dira.
Gainera, bi hirietan bazkarien sistema berritu egin dute, eta gurasoen beharren arabera, astebete aurretik erreserbak egin ahal izango dituzte jangeletan.
Baionan, bestalde, egokitzapenak izan dira ikastetxeetan izena ematerakoan. Izan ere, eskola batzuekiko nolabaiteko bazterketa sumatu da azken urteotan, gurasoek sona handiagoa duten beste auzoetako ikastetxeetara eramaten baitzituzten beren haurrak. Joera horrek izan dezakeen eragin kaltegarriaren aitzinean, auzapezak arau berria finkatu du. Aurrerantzean, kasu berezi batzuk kenduta (osasun arazoak, gurasoen lana...), haurrak beren etxetik gertuen dagoen eskolara joango dira.