GARA > Idatzia > Kultura

Dantza Biarrizko bazter guztietara zabalduko da Maitaldia jaialdiarekin

Norvegiako dantza garaikideko konpainia nazionalak irekiko du Maitaldia jaialdia datorren irailaren 9an, arratseko bederatzietan. Ondotik, hamar egunez, dantza mota ezberdinak Biarrizko areto eta gune guztietara zabalduko dira. Karriketan ere nabarmen ikusiko da.

p040_f01_148x136.jpg

GARA | BIARRITZ

Datorren ostiralean zabalduko ditu ateak, urtero nazioarteko dantza konpainia esanguratsuenak Biarritzen elkartzen dituen Maitaldia jaialdiak.

Gare du Midi aretoan, arratseko bederatzietan, Norvegiako dantza garaikideko konpainia nazionalak zabalduko du jaialdia, Sharon Eyal Israelgo koreografoak sorturiko «Corps de Walk» obrarekin.

«Aurten, inoiz baino gehiago, jaialdian parte hartzen duten koreografoek aktualitatearekin lotura handia duten ikusgarriak eskainiko dituzte», goraipatu zuen Eloixa Ospital Biarritz Culture elkarte antolatzaileko ordezkariak. Berezitasun hori ostiraleko lehenengo ikusgarrian bertan nabarituko da.

Baina irailaren 18ra arte iraunen duen festibalak, beste hainbat berezitasun azalduko ditu, eta aurreko urteetan bezala, nazioartean lantzen diren dantza mota guztiez gozatzeko aukera emango du: neoklasikoa, flamenkoa, dantza antzeztua, garaikidea, hip hopa, euskal dantzak, Karibeko dantzak ikusten ahalko dira, besteak beste. Ballet Biarritz konpainia, Israel Galvan dantzaria eta Monte-Carloko balet ospetsuekin batera, Vilcanota konpainia, Boli Kostako Chantier taldea, Aljeriako La Barak-abou konpainia, SOS danse, Kukai konpainia, Europako Balleta edo Claude Iruretagoyena koreografoaren Maritzuli dantza taldea agertuko dira kale emanaldi edo Biarrizko areto nagusietan.

Festibalaren berezitasuna egiten duten elementu guztiak indartzea erabaki dute, izan ere, aurten antolatzaileek: ikusgarrien aniztasuna, parte hartzen duten herri eta konpainia kopuruak eta karrika emanaldiak.

Korea, Aljeria, Maroko, Norvegia, Euskal Herria, Frantzia eta Espainiako dantza taldeak aldizkatuz joanen dira, Gare du Midi aretoan, baina Colisée, Mediateka, Bellevueko plaza, Kasinoa edo baratze publikoan ere bai. Ostiral gaueko lehen emanaldi nagusiaren ondotik, asteburuan zehar, Tango Sumo taldearen «Expédition Paddock» karrika emanaldia, Guillaume Bordier konpainiaren «Fragment 14» emanaldia, eta Thierry Malandain ballet taldearen «Lucifer», «L'amour sorcier» eta «Bolero» programatuak dira.

Karrika animazioak

Ikusgarrietatik kanpo izango diren karrika animazioei dagokienez, igandean lehenengo Gigabarrean parte hartzen ahalko dute ikusleek hondartza nagusian. Horrekin batera, koreografoekin ikastaroak eta saio publikoak ere preziatzen ahalko dituzte.

«Aurten karrika animazioak indartu nahi izan ditugu ere», nabarmendu zuten antolatzaileek. Horretarako, instalazioak, argazki erakusketak eta dantzaren inguruko beste hainbat ekimen izango da Biarritzen irailaren 18ra arte.

«Dantza Hirian - Marrazkien bidez» erakusketa Errenterian

2010eko eskolen emanaldietan parte hartu duten Azkaine, Hendaia eta Ziburuko lehen mailako eskoletako haurrek egindako marrazkien erakusketa atzotik datorren irailaren 10era arte ikusgai izango da Errenteriako Xenpelar Etxean. «Dantza Hirian - Marrazkien bidez» erakusketa ibiltari horretan haurrek Kukai konpainiaren «Soka» koreografiaz izandako ikuspegia eskaintzen dute.

Bestalde, Dantza Hirian jaialdia irailaren 15ean hasi eta 25era arte luzatuko zela jakinarazi zuten antolatzaileek. Donostia, Irun, Angelu, Azkaine, Hendaia, Biarritz, Baiona, Donibane Lohizune eta Errenterian izango dira ikusgarriak. GARA

HAURREI BEGIRA

Haurrek ere izango dute zer ikusi. Carlotta Ikeda Ariadone konpainiako Butto koreografoak «Chez Ikkyû» ikusgarria eskainiko du aurten, sei urtetik gorakoei begira. Haurrentzat sortu duen lehen ikusgarria da.

KOMIKIAK

Eco konpainiak Mafalda, Lucky Luck, Little Nemo eta Krazy Kat komiki edo marrazki bizidun pertsonaien inguruan landuriko instalazio koreografikoak eskainiko ditu irailaren 10etik 13ra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo