GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere | Ipuin kontalaria

Antipodak

p041_f01_148x092.jpg


Hi, lehengoan jakin nian antipodak ez direla herrialde bat. Osabak argitu zidan; zulo bat egiten baduk munduaren bestaldera..., ba hura duk, Antartidan edo hor nonbait». Arabako Eskolunbeko erromerian ipuinak kontatu aurretik bertako kantinan argitu zidan Pedrok. Sinpatikoa oso, eta gaupasaz egonik are gehiago. Jakina, norbaitek pentsatuko du «zelako ezjakintasuna!»; baina baratzeko kontuetan hasiz gero, nor ote ezjakina? Askoz ere deigarriagoa egin zitzaidan bota zuena: «Nik ere bazekiat istorio bat, baina ez diat kontatuko, triste jartzen bainaiz, hain da ederra».

Alde batetik bestera ibili beharra nekeza da askotan, baina beste askotan ere elkartze politak izan ohi ditugu. Beste modura, segur aski, ezagutuko ez genuen jendea eta kontatuko ez zizkiguten gauzak ezagutu ohi ditugu. Ipuinak kontatzen ibiltzea ez da bakarrik leku batera heldu eta gurea bota. Gu entzutea eskatzen dugun bezala, entzuten ere jakin behar dugu. Ipuinak kontatzea ez da besterik gabe istorio bat botatzea, hori baino askoz gehiago da. Ipuinak kontatzea komunikazioa bilatzea da, entzulearekin interaktuatzea. Eta erromeria bateko kantina batean, zerbeza bat eskutan, leku aproposa da interaktuatzeko. Gainontzekoan kontatzearen antipodetan ibiliko gara, herrialde bat den ustean, asmatu gabe, antipodak zauden lekuaren arabera aldatzen direla eta bertara heltzeko mundua zulatu behar dela, beste aldea sumatzeko. Orduan ipuinak kontatzen ikasiko dugu, akaso.

Eta agian, orduan, jakingo dugu jendea triste jartzen duen istorio eder hori. Imajina dezakezue, edo Eskolunbeko erromeriara agertu, datorren urtean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo