«Poesia orduak» izango dira bihar eta etzi Donostiako Victoria Eugeniako Club aretoan
GARA | DONOSTIA
Euskal Jaia aurrera doa Donostian, eta bihar eta etzi «Poesia orduak» euskarazko poesiaren inguruko jardunaldiak izango dira Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, arratsaldeko zortzietan hasita.
Horrela, gaur, «Hura ez da lekua» ikuskizuna eskainiko da, poesia, musika, pintura eta antzerkia uztartzen dituen saioa. Errenteria Hiria kulturgunean estreinatu zen ikuskizuna martxoan, eta ondoren hainbat emanaldi izan dira Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Larrabetzun.
Metrokoadroka sormen laborategiaren babesean, eta Jabi Barandiaranen zuzendaritzapean, Ander Fernandez (musika), Idoia Beratarbide (pintura), Oier Guillan eta Asier Sarasola (hitzak) eta Iñigo Ortega (aktorea) arituko dira.
«Hura ez da lekua» lanarekin «pertsonaia baten egun bat ezagutuko dugu, maskara duen saltzailea da eta gero bere etxe barruan sartuko gara, hor deskubrituko dugu guztiok barruan daukagun eta guk `zirku intimoa' deitzen diogun hori, magia puntu hori. Ikuskizunean aldarrikatzen duguna da ez dugula zertan horren zain egon. Egin eta izan bagarela», azaldu zion GARAri Oier Guillanek ikuskizuna aurkeztu zenean.
Bestalde, bihar, Miren Agur Meabe poeta lekeitiarraren errezitaldia izango da, Ibone Ibazeta saxofoi-jotzailearen laguntzaz. Meabe «Bitsa eskuetan» bere azken poema liburuan oinarrituko da eta poema berriak ere errezitatuko ditu.
Emanaldi guztietarako sarrera doakoa izango da, baina aurrez eskuratu beharko dira gonbidapenak. Victoria Eugenia antzokiko leihatilan banatuko dituzte aretoa bete artean.