Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia
«Mari Kalanbre»
Bi asteren ostean, bigarren atseden egunaz gozatu dugu Leonen. Benidormeko bero zakarrak lekutan geratu dira, eta Bierzoko haizeak majo jaitsi ditu jada tenperaturak! Hala ere, gorputzak eta buruak atseden hartu dutela-eta, taldearen umorean antzematen da txispa eta umore puntu gozo bat.
Sarritan, umore horretan gorputzak baino, buruak zeresan handiagoa du, eta neure txispa eta umorean, antzeman izan dut gainontzeko taldekideak baino egun pare bat lehenago. Arrazoia, hiru aste luzez ikusi gabe nituen seme eta emaztearen bisita izan nuela larunbatean, eta harrezkero "subidoiarekin" nabil.
Igande goizean, goiz-goizetik antzematen nuen izugarrizko txisparekin jaiki nintzela. Broma, txantxa eta "jaleorako" gogoarekin jo nuen irteerarantz. Han, nire lehen "biktima" ikusi nuen, eta Txurruri 44,5aren "porrua" sartu nion. Nahikoa barre egin genuen, Anglirura 44,5arekin igo beharko nuelako beldurrez airean nintzela esan nionean. 34ko platerarekin egin beharrean, oinez igoko nintzela eta...
Baina onena, Txopi gure masajista asturiarrari sartu nion. Angliruko gaina Xabi Zandiorekin harrapatu eta ura ematera Txopi gerturatzean, galdetzen diot serio-serio: «hi Txopi, aurrena ala bigarren in diat?» Eta berak, kristoren "flipatu" aurpegia jarri eta ezer ulertzen ez zuelarik berriz galdetzen dit ea zer diodan. Barreari ezin eutsirik, esaten diot: «ongi da, agian irabazteko ez, baina ez zenuela espero horren goiz eta fresko iristea?» Oraindik ere, hotelean elkar ikusten dugunean, barrezka gogoratzen dugu atzoko pasadizoa.
Mari Kalanbreri serotonina eta topamina igotzen zaizkion bezala, beste batzuei maite ditugun pertsonak ikusteak ematen digu «kalanbrazoa". Horretxegatik, egun gutxiren barruan espero zaituztet.
Laster arte!