
Antzara Egunak laurogei parte-hartzaile eta milaka ikusle bildu ditu Lekeitioko portuan

GARA | LEKEITIO
Antzara Egun arrakastatsua izan zuten atzo Lekeition: milaka lagun batu ziren portuan ikuskizunaz gozatzera –eta parte-hartzaileak animatzera– eta 80 txalupa uretaratu ziren. Zintzilik jarritako antzararen lepoari heldu eta burua kentzea lortu bitartean ahalik eta altxaldi gehien irautea da jokoa. Baldintza bakarra dago, jada ezaguna: buru-kentzaileak 75 kilotik beherako pisua izatea.
Hiru ordu inguruko saioa izan zen, eta denetik ikusteko modua eduki zuten lekeitiarrek eta herrira inguratutako bisitariek: lan dotoreak, traketsagoak, altxaldi askotakoak, bakarrekoak, moztu gabe geratutako lepo-buruak...
Egunik sonatuena izan arren, sanantolinak ez dira atzokoarekin amaitu. Gaur Umeen Eguna da, eta etxeko txikienek ekitaldi franko izango dute: antzinako jolasetan oinarritutako tailerrak, plazan (goiz eta arratsalde), masta-puntakoa Abadeen moilan (12.00etan), xistera partidak Santi Brouard pilotalekuan (19.00etan) eta “Kanpanolue badator” dantzaldia plazan (hau ere zazpietan hasita).
Bihar, berriz, Kuadrillen Egunaren txanda helduko da: antzara jaiko sari banaketaz gainera, kuadrillen arteko jolasak egingo dira (eguerdian) eta ska kontzertua 23.00etan, Bad Manners, The Void Union eta Bilbomatiks taldeen eskutik.