AIZKORA Bigarren Maila
Otañok garbi erakutsi du iragarpenak ez zeudela oker
Mugertza II.a, Erasun, Olano, Rekondo eta Zaldua ere finalerako sailkatu dira.
Jon LEUNDA
Unai Otaño da Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela irabazteko faborito nagusia, eta Ibarrakoak argi eta garbi utzi zuen herenegun Zestoan jokatu zen kanporaketan, iragarpenak ez zirela oso okerrak.
Ibarrakoa onena izan zen, eta berekin batera, Mugertza II.a, Erasun, Olano, Rekondo eta Zaldua sailkatu ziren. Berez, azkenekoa jaitsi egiten zen, eta postu horretan Elorriaga sailkatu zen. Hala ere, ostiralean Ugarteburuk, arazo pertsonalak medio, ez parte hartzea erabaki zuen, eta orain ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Federazioak erabaki beharrekoak erabakitakoan jakingo da Zumarragakoak mailari eutsiko dion edo ez.
Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Enborrak, orokorrean nahiko onak atera ziren. Kanporaketa honetan ezusteko batzuk ere egon ziren. Otaño, Mugertza II.a eta Rekondo faboritoen zerrendan zeuden, eta hiruretako inork ez zuen hutsik egin. Beste aldetik, ordea, Xabier Mindegia eta Mugertza I.a kanpoan geratu ziren. Askoren ustez hauek ere azkeneko ekitaldirako sartu behar zuten, baina ezin izan zuten beren helburua bete.
Erasun eta Olano gazteek, berriz, aurrera egin dute, beraien inguruan zalantza batzuk baldin bazeuden ere. Baita Zalduak ere. Zumarragakoarekin askok ez zuten kontatzen, baina oso ongi dagoela erakutsi zuen. Otaegiren aurkako apustua prestatzen ari da datorren udazkenerako, eta nabaritu zen.
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako lehen fasea amaierara heltzen ari da, eta bi jardunaldi izango dira datozen egunetan, eta bietan arituko da Olasagasti. Bihar 19.00etatik aurrera, Ordizian Azurmendiren aurka neurtu beharko ditu indarrak, eta atseden hartzeko beta handirik gabe, ostegunean, 12.00etan, berriz, Urdulizen, Juanjo Lopezekin lehiatu beharko du.