Jardun politiko eta sozialaren kriminalizazioa eta zigorra bukatzeko garaia da
Hartutako konpromiso solidario publikoa dela-eta Poliziaren jazarpena pairatzen dute euskal herritar ugarik. Josu Esparza nafarra da horietako bat. Gogorarazi beharra dago joan den urtarrilean alde egin zuela Iruñetik Guardia Zibilaren atxiloketa saihesteko, baita polizia operazio hartan atxilotutako gazteek inkomunikazio egoeran tratu txarrak jaso zituztela salatu zutela ere. Esparza, nolanahi ere, ez zen ezkutatu; aitzitik, bizimodu guztiz normala egiten jarraitu du joan den asteartean Polizia frantsesak atxilotu zuen arte. Horrelako jazarpena salagarria da betiere, edozein testuingurutan; hala ere, ziklo politikoaren aldaketa bete-betean, normalizazioaren eta bakearen aldeko apustuaren aurkako saio gisa ere ulertu behar dira Esparzaren atxiloketa eta haren kontrako euroagindu eskaera. Atzo, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak manifestazioa deitu zuen datorren urriaren 1erako, 11 gazte nafarren aurkako epaiketari, Askapeneko bost kideren auzipetzeari eta Esparzaren atxiloketari erantzuteko. Izan ere, jardun politiko eta sozialaren kriminalizazio eta zigorra gainditzeko garaia da, Estatu espainolaren eta frantsesaren disimulurik gabeko arduragabekeria bertan behera uzteko garaia.