GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Kartzela bikoitza

Zerbitzu publikoak finantzatzerik ez badago, zerbitzu publiko horiek, osasuna, hezkuntza eta abar negozio pribatuaren esku utziko dituzte. Eta badakigu denok zer esan nahi duen horrek eta zer ekarriko digun guri

Tres palabras: Constitución, Constitución y Constitución», erantzun zion bere momentuan Fernandez de la Vegak Ibarretxeri. Ze urrun gelditu den espainiar Konstituzioa ukitu ezina zen sasoi hura. Espainiar konstituzioa ez da, beraz, ukitu ezina, baina Moisesen taulak ez direla bagenekien denok. Hori bai, kartzela are eta estuagoa da orain: nazio eta herrien kartzela bazen, orain, bestelako eredu sozialen kartzela atala ere estreinatu dugu.

Defizita eta zor publikoa mugatzeak, berez, krisialditik irteteko balio ez duen neurria izateaz gain, bestelako politika publikoak burutzea galarazten du. Eta are gehiago, defizitaren eta zor publikoaren mugapena ez dute edozelan finkatu. Konstituzioak ezartzen du orain eta horrek esan nahi du lehentasuna hori dela: gastua murriztea eta ez beste behar batzuk asetzea.

Miguel Sanz izan zen lehena nafar administrazioa eta familia konparatzen. Duela pare bat urte Nafarroako zor txikiaren emaitza «onak» eman zituenean horrelaxe azaldu zuen: familia bat zorpetzea bezain txarra zela zor publikoa. Gogoratu beharko dugu familia guztiak daudela zorpeturik; bestela, inork ez luke buru gainean sabairik izango... Era beren, hainbat gastutarako instituzioek zorpetu beharra daukate, gaurko eredu ekonomikoaren arabera, behintzat.

Defizita tresna ekonomikoa da, krisiei eta defizit kronikoei aurre egiteko tresna. Ekonomia bultzatu nahi badute, estatuak ezin dira ekonomiatik aldendu; aitzitik, bultzatu egin behar dute, gastu publikoaren bidez. Gastu publiko ganorazkoaren bidez, jakina, ekoizpen eredua aldatu eta bideratuko duena, eta porrot egin duen adreiluaren sektoretik aparte. Sektore publikoak behar sozialak ase ahal ditu eta ase behar ditu, eta horrek, bidez batez, enplegu duina sor dezake. Ala ez litzateke enplegurik sortuko zaintza lanetan dauzkagun premia guztiak aserik, esaterako? Baina ez zaintza arloan emakumeak esplotatu eta dirua barra-barra egiten duten enpresei oparituta, diru publikoaren helburua ez baita enpresa pribatuei mozkinak bermatze hutsa. Inork gogoratzen al du enpresa publikoak existitzen zirenean? Existitu eta dirua eman ere ematen zuten. Edozelan, Estatu espainolaren zor publikoa ez da batere apartekoa. Izan ere, familien eta enpresen zor pribatua baino askoz txikiagoa da (heren bat, gutxi gorabehera) eta Europar Batasuneko estatuen batez bestekoa baino apalagoa.

Zor publikoa eta defizita mugatzeak ez badu balio krisitik irteteko; defizita mugatzeak gastu publikoa eta horrekin batera, gastu soziala murriztea ekarriko badu, zertarako orduan? Horrexetarako, hain zuzen. Zerbitzu publikoak ezin badira finantzatu, zerbitzu publiko horiek, osasuna, hezkuntza eta abar, negozio pribatuari zabalduko zaizkie parez pare. Eta badakigu denok zer esan nahi duen horrek eta zer ekarriko digun guri. Eta arestian esan bezala, hamar egunetan prestatutako itun legal eta konstituzional honen bidez, geure herrian bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzen hasteko tresna premiazkoa mugatu digute. Ez dakigula gestionatzen esaten digute, baina arazoa da ez digutela uzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo