Ordiziako gaztaren jai handian, Eulateko Ricardo Remirorenak irabazi du sariketa
GARA |
Iraileko lehenengo asteazkena izanik, egun handia izan zuten atzo Ordizian: Euskal Jaietako azoka berezia eta, nola ez, latxa ardi gazta txapelketa sonatua. Milaka lagun ibili zen kalean gora eta behera baserritarrek dotore prestatutako postuez gozatzen, eta Beti Alai pilotalekua ere lepo bete zen gazta sariketa gertutik jarraitzeko.
10.30ean hasita, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak eta Udalak antolatutako txapelketan 66 gaztagilek hartu zuten parte; azkenean, zazpi finalisten artetik Ricardo Remiro Eulateko artzainak egindako alea gailendu zen. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Ilarduiako Lezek aurkeztutako gazta eta Zeraingo Javier Munoarena.
Juan Mari Arzak izan zen epaimahaiko buru. Beste zenbait sukaldari ere aritu ziren dastatze eta puntu banaketa lanetan, baita gastronomia adituak, kazetariak, Realeko presidente Jokin Aperribay eta Donostia 2016ko bulegoko zuzendari Eva Salaberria ere.
7.300 euro erdiagatik
Jarraian, ohitura denez, gazta sarituaren erdiarekin enkantea egin zen, eta diru gehien, 7.300 euro hain justu, Bilboko Porrue jatetxeak eskaini zuen. Iazko enkantean baino 100 euro gehiago behar izan zituzten gazta etxeratu ahal izateko, baina errekorretik oso urrun geratu ziren halere, 12.100 euroan baitago.
«Maitasun handiz egindako gazta da», adierazi zuen Remirok saria poltsikoratu eta gero. Atzokoarekin, bigarren txapela du Ordizian nafarrak, 2009an ere irabazi baitzuen.
Sari banaketa egin baino lehenago, antolatzaileek omenaldia egin zioten Juan Jose Castillo sukaldari donostiarrari. Izan ere, urte luzez txapelketa honetan dastatzaile lanak egin ondoren, iaz uztea erabaki zuen.