GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Txabi

Asteartea. 16.00. Txabik kafe kikara hutsa etxeko harraskan utzi eta autoaren giltzak hartu ditu. 16.30. Lagunekin bildu da lokalean. Ander, beti bezala, berandu dator. Trasteak kargatzen hasi dira, gogo handirik gabe baina ongi ikasitako errutinari jarraituz. 17.30. Traste guztiak kargatzen amaitu dute. Kamioia eta furgoneta txikiarekin abiatu dira guztiak. 19.15. Iritsi dira zakurraren biolina ezkutatu zuten lekuaren ondoan dagoen herrira. Jaitsi, arduradunari telefono deia egin, gorputza luzatu eta plaza erdian dagoen agertokira eta arkupetako tabernara begira jarri dira. 19.30. Arduraduna iritsi da. Hau bai tipa eraginkorra!

Orain hasten da saltsa. 20.00. Trastoak agertokira igotzen eta muntatzen hasi. 21.00. Guztia prest soinu probak egiten hasteko. 21.30. Amaitu dira probak eta berriro itzuli dira arkupetako tabernara. Oraingo honetan afaltzera. 23.00. Hasi da emanaldia, nahiz eta plazan jende askorik ez egon. Asteazkena. 03.00. Amaitu da emanaldia, azkenean giroa pixka bat berotzea lortu dute; plaza taldeen denboraldi honetako hit guzti-guztiak jo dituzte. 04.15. Dena jaso eta abian jarri dira Txabi eta lagunak.

06.00. Lokalera iritsi eta balio handiena duten tresnak sartu eta beste guztia kamioian utzi dute, biharko. 07.00. Txabi etxera bueltatu da azkenean. Harraskan utzitako kikaran ur tragoa edan, oheratu, eta musikariek bakarrik irakurtzen dituzten aldizkari teknologiko horietako bat hartuta, loaren zain geratu da. 07.30. Txabik argia itzali du. Hauxe bera izango du hurrengo hiru egunetako plana. Txabi musikaria da, beste asko bezala, musikari proletarioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo