GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Politika bizi

Euskal Herrian bizi diren pertsona askorentzat politika ez da aukerakoa, ez da nahieran hartu edo utz daitekeen jarduera. Politika bizi dugun neurrian politikak bizi gaitu eta eragin zuzena du hiritar askoren bizitzetan. Diru-iturri bihurtu da hainbatentzat, eta batzuek hilero-hilero soldata jasotzen dute politikarekin zerikusi zuzena duen jardunean aritzeagatik.
Beste hainbatek, ordea, hilero-hilero dirutza gastatzen dute, nonbait hartutako erabaki politikoen kausaz.

Gauzak honela, aldaketa politiko batek ez ditu aldatzen soilik Parlamentuko koloreak. Aldaketa politikoak, Euskal Herrian, pertsona askoren modus vivendi-a ere aldatzen du, errotik, inguruko lurraldeetan nekez ikusiko dugun proportzioan. Ehunka pertsonak lanpostua galtzen dute, talde armatuak eraso egiteari uzteko erabakia hartzen badu. Eta ehunka pertsonak lanpostua galtzen dute, sistema politikoak urtebetez edo bi urtez giltzapetu eta lanetik indarrez aldendu egiten dituenean. Epaitu ostean errugabe ateraz gero, inork ez du kargu hartuko galdutako lanpostuaz, denboraz eta diruaz.

Politikaren karietara, 1.138 pertsonak politikari-ofizioa ikasi behar izan dute bi asteko epean, politikaria izateko asmorik ez bazuten ere. Ikasle, soldadore, mediku, kazetari eta irakasleak goizetik gauera bihurtu dira alkate, diputatu, zinegotzi eta ahaldun, ezustean, eta bizimodua dezente aldrebestu zaie. Politikak bizi ditu hogeita lau ordu egunean.

Eutsi, eusten diote, baina noizbait pentsatuko dute, Ruperrekin batera, «inork ez zidan esan, euskaldun izatea zein nekeza den». Eta zein aberasgarria den ere, ez zuten sumatuko aurretik, seguru.̩
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo