comentario I visita a la Nueva prisión de iruñea
XXI. mendeko kartzela XIX. mendeko zigor eredu baterako
Sentsibilitate aparta gure agintariena. Kartzela zigorrak luzatzeko zigor kodeak behin eta berriz aldatzen dituzten horiek «luxuzko» kartzelak eraikitzen dituzte Galde diezaietela presoei, bereziki zigor ziegetan daudenei, zenbat jardueratan parte hartzen duten aisialdian, galde diezaietela bakartuta daudenei kartzelan igerilekua izatearen pribilegioaz
Xabier IZAGA I
Zabaia, Iruñea eta Zubieta. Aurrerabidearen eredu izan litezkeen Euskal Herriko hiru leku. Aurrerabidearen eredu, beren lurretan Norte I, Norte II eta Norte III kartzela erraldoiak eraiki dituztelako.
Atzo, Espetxe Erakundeetako buru Mercedes Gallizok, Iruñeko kartzela berrira bisita egin zuenean, Norte II delakoa XXI. mendeko espetxe ereduaren araberakoa dela esan zuen. Igerileku «terapeutikoa», «gelak», «bizitegi moduluak»... eta deslokalizazioa bukatzeko aukera.
Sentsibilitate aparta gure agintariena. Betiere kartzela zigorrak luzatzeko zigor kodeak behin eta berriz aldatzen dituzten horiek «luxuzko» kartzelak eraikitzen dituzte. Horrelako toki batean zigor luzea bete behar duen presoari laburra irudituko zaio beti.
Agintari horiek, ordea, ez dira kartzela moderno horietan bizi, eta bakarren bati jauregi horietarako gogoa egingo balitzaio -denetarik izaten da eta-, informazio fidagarriagoa jasoko luke presoei galdetuta.
Igerilekua ez da kontu berria azken hogei urtean eraiki dituzten kartzeletan. Besterik da nor joaten den igerilekura, eta joaten direnak zenbatetan joaten diren. Garai batean bazegoen etxeko janaria kartzelara sartzeko aukera, lau kiloko paketea hilean behin. 2012an, Norte II zabaldutakoan, bertako presoek etxeko janari pixka baten truk bainu bati baino gehiagori uko egingo liokete. Baina aspaldi debekatu zuten etxeko jana kartzeletan. Jateko produktu guztiak kartzelan erosi behar dituzte presoek. Dirua dutenek. Bertan lan eginez irabaziko ez duten dirua, kalerako prestakuntza esaten diotena esplotazio miserablea baino ez baita. Horretaz ari ote zen Gallizo anderea, deslokalizazioaren alternatiba dela esan zuenean?
Mila lagun pasarentzako kartzela berria dugu Iruñean, baina ez daude mila nafar preso. Beste lurralde batzuek hornituko dute kartzela, ordea. Lurralde urrunek batez ere. Eta nafar preso gehienek lurralde urrunetan jarraituko dute.
Kartzela moderno horietan daudenen inbidiatan daudenek galde diezaietela presoei, bereziki zigor ziegetan daudenei, zenbat jardueratan parte hartzen duten aisialdian, galde diezaietela bakartuta daudenei kartzelan igerilekua izatearen pribilegioaz. Beharbada, ez diete Espetxe Erakundeetako arduradunen irribarrea eskainiko.
XXI. mendeko espetxe kanpotik distiratsuak, baina XIX. mendea baino lehen indarrean zegoen zigorraren erabilpen berbera.