GARA > Idatzia > Mundua

Egiptoko Armadako buruak Mubaraken aurkako epaiketan deklaratuko du

Hussein Tantawi mariskalak, Egiptoko Armadako buruak, Hosni Mubarak presidente ohiaren aurkako epaiketan lekukotasuna ematea onartu du auzitegiak. Halaber, Egipton gaur egun aginte postuetan dauden beste militar eta agintari batzuek deklaratu beharko dute.

p024_f01_148x108.jpg

GARA |

Egiptoko Indar Armatuen Kontseilu Goreneko buruak, Hussein Tantawi mariskalak, lekuko moduan deklaratu beharko du irailaren 11n, Hosni Mubarak presidente ohiaren aurkako epaiketan. Armadaren Kontseiluak du Egipton agintea, Mubarak otsailaren 11n boteretik botaz geroztik. Tantawi mariskala hogei urtez Mubaraken Defentsa ministroa izandakoa da.

Halaber, Sami Anan Armadako Estatu Nagusiko buruak eta Omar Suleiman jeneralak,espioitzako zerbitzuen buru ohiak, deklaratzea ere onartu du auzitegiak. Ahmed Refaa epaileak irailaren 12rako eta 13rako deitu ditu deklaratzera.

Mubarakek, karguan egon zen azken egunetan, presidenteorde izendatu zuen Suleiman. Joan den maiatzean Fiskaltzari egindako deklarazioan adierazi zuenez, «Mubarakek manifestarien kontra egindako tiro bakoitzaren berri zuen».

Barne ministroak

Bestalde, hilaren 14an eta 15ean, Mansur el-Issaui egungo Barne ministroaren eta Mahmud Wagdi horren aurrekoaren deklarazioak entzungo dituzte epaileek.

Refaa epaileak agerraldi horietan guztietan ateak itxitako saioak egitea erabaki du, «nazio segurtasunagatik».

Urtarril eta otsaileko protesten aurka egindako errepresioaren ondorioz hildakoen senideen abokatuek eskatu dute horiek guztiek epaiketan deklaratzea. Suzanne Mubarak Thabet presidente ohiaren emaztearen agerraldia ere eskatu dute abokatuek -epaiketa bat saihestu du jada, ustelkeria egotzi diotena, diru akordioa adostuta-.

Mohamed el Damad abokatuaren hitzetan, auzitegiak lekuko horiek onartu behar zituen, «gertatzen ari dena» berriro gerta ez dadin. Horren harira, Poliziaren ordezkarien deklarazioak aipatu ditu. Denek Mubaraken erantzukizuna ukatu dute. Baina Mubarakek manifestarien aurka tiro egiteko agindua eman zuela deklaratu behar zuten hainbat lekukoren agerraldia ez zuen onartu auzitegiak. Abokatuek salatu dutenez, «akusazioko lekukoak defentsako lekuko» bihurtzen ari dira.

Bestalde, Mubarak, berriz ere, esku-ohe batean egon zen saio osoan. Epaitegi kanpoan, ehun pertsona inguruk Mubaraken aurkako manifestazioa egin zuten, haren irudiak erakutsiz, lepo inguruan soka korapilatuta. Halere, aurreko egunotan ez bezala, atzokoan ez zen istilu handirik sortu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo