GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

LA VUELTA I Komentarioa

Ikusten ez ditudan horiei

Markel IRIZAR I RadioShack taldeko txirrindularia

Espainiako Itzuliak gaurkoan egin du 17. etapa. Kantabria aldean bukatu dugun honetan, «Kantabriako bisontea» ezizenez ezagutzen dugun Juanjo Cobo ibili da lidergoan. Etxean egonik, lagun eta jarraitzaile pila bat izan ditu lagun, eta, hala, liderraren defentsan etxekoek emandako animoek laguntza ederra eman diote.

Baina askok egun hauetan komunikabideetan irakurri ala entzungo zenuten moduan, azken denboraldian gorabehera dezente izan ditu «bisonteak». Horren harira, atzo Beñat Intxaustiren Twiterrean irakurri nuen esaldia etortzen zait burura: «Goian nagoenean, nere lagunek badakite nor naizen, behean nagoenean, aldiz, nik dakit zeintzuk diren nere benetako lagunak» .

Ez dakit zorionez ala zoritxarrez izan den, baina ezin izan dut jakin zer den kirolaren goreneko ospe eta senarekin bizitzea; orain bederatzi urte, aldiz, minbiziak jota nenbilela, kirolaren eta bizitzaren beraren miseria gorriak ikusi nituen. Orduan, nire betiko lagun guztiak izan nituen ondoan, eta umetatik izan ditudan lagun berberek jarraitzen didate laguntzen momentu txar, erdibideko ala onetan.

Horretxegatik, beti neure barru-barruan daukadan leloarekin uzten zaituztet: «Lagunak izarrak bezalakoak dira, ikusten ez diren arren, badakigu beti hor daudela». Eta horretxegatik, nahi beste ikusi ezin ditudan arren, beti hor dauden nire lagun guztiei nire eskerrik beroenak. Baita beraien omenezko lerrotxo hauek ere.

Besarkada bero bat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo