GARA > Idatzia > Kultura

Manuela Velles, Donostiako Beldurrezko Asteko aurpegi

Donostiako Zinemaldiaz gain, udazkenean egiten den hiriko beste ekitaldi nagusienetakoa Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea da. Aurten urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean burutuko da.

p048_f01_146x184.jpg

GARA |

Manuela Velles aktore madrildarra izango da urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean egingo den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen karteleko protagonista.

Atzo egin zen aurkezpen ekitaldian Donostiako Udaleko Kultura ordezkariak, Nerea Txapartegik, Donostia Kulturako zinema arduradunak, Josemi Beltranek, eta Manuela Velles aktoreak berak azaldu zutenez, aurtengo Beldurrezko Astea hiriko kaleetan zehar ere bizitzea nahi dute.

Kartela, azken urteotan bezala, Ytantos estudioak diseinatu du. Argazkia Donostiako Antzoki Zaharrean egindakoa da; «bere hasieratik Astearen arima eta epizentroa» izan den lekuan, alegia.

Jaialdian zehar eskainiko diren filmen artean «Juan de los muertos» azpimarratu nahi izan zuen Beltranek, zombiei buruzko Alejandro Bruguesen film kubatarra. Dibertigarria, lotsagabea, akzioz eta uhartearen egoera sozio-politikoari buruzko hausnarketez betetako lana da. Film kubatarrarekin batera, Beltranek ez zituen alde batera utzi nahi izan «Hobo With a Shotgun» kanadarra -Robert Rodriguezen eta Quentin Tarantinoren «Planet Terror» eta «Death Proof» filmekin egindako Grindhouse saioa prestatzen ari zirela egindako trailer faltsuen lehiaketa irabazi zuen, eta 70eko eta 80ko hamarkadetako genero zinemari omenaldia egiten dio-, eta aurten internauten film gogokoenetakoa izan den «The Orphan Killer». Herbeheretako «Saint» lana ere aipatu zuen Beltranek. Benetako San Nikolasi buruzko filma da, antza, pertsonaia ezaguna ez baitzen kondairak dioen bezain zintzo eta maitagarria izan, Herbeheretako herritar ugari hil eta bortxatu zituen gizona baizik.

Noboru Iguchik bere aldetik bi film ekarriko ditu Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astera; batetik, «Tomie Unlimited», manga baten moldaketa, eta, bestetik, «Karate-Robo Zaborgar», motorrak eta borroka-arteak menderatzen dituzten robotak ardatz dituen lana. Azkenik, David Keatingek zuzendutako «Wake Wood» filmak hil ondoren agertzen diren pertsonaiak eramango ditu pantailara, eta, «The Woman» estatubatuarrak, «deabruaren aurpegi polita».

Zinema zikloak

«Zatoz eta begira» zikloa ere egingo da Beldurrezko Astean; bertan, egin ziren garaian «pentsaezina edota jasanezinaren gainean begia kokatzeagatik gizartearentzako kaltegarritzat» jotako filmak eskainiko dira. Hala nola, «Tras el cristal» (Agusti Villaronga, 1987), «A Clockwork Orange» («Laranja mekanikoa»; Stanley Kubrick, 1971), «Irréversible» (Gaspar Noé, 2002), «Cannibal Holocaust» (Ruggero Deodato, 1980) eta «A Serbian Film» (Srdjan Spasojevic, 2010). Hori bai, azken film hori botako duten baieztatu gabe dago oraindik, iazko Astean eskaini nahi izan zuten arren epaitegiek proiekzioa debekatu baitzuten islatzen duen indarkeria dela-eta.

Beste alde batetik, udal liburutegiak «Coleccionismo fantastico» izeneko erakusketa eskainiko du. Bertan, zinema fantastikoko saga ezagunenetakoekin lotutako piezak erakutsiko dituzte. Darth Vaderren, Batmanen edota Hellboyen bustoak ikusteko aukera izango da, besteak beste.

Okendo kultur etxeak, bere aldetik, Malakias artista eta ilustratzaile finlandiarrak bere sorkuntzekin egindako «Plastilina sangrienta y desgarradora» erakusketa hartuko du.

Fnac saltokiak ere hartuko du erakusketa bat: «Land of the Free». Steve Schofieldek prestatutako bilduman, zientzia-fikzioaren hainbat jarraitzaileri ateratako argazkiak ikusi ahal izango dira; horietan, gogokoen dituzten pertsonaien antzera jantzita azaltzen dira etxeko eguneroko lanak egiten.

Azkenik, Beldurrezko Astean zehar komiki jardunaldiak ere ospatuko dira urtero bezala. Aurten Vicente B. Ballestarrek «Pulp Visions» erakusketa aurkeztuko du Okendo kultur etxean; hain zuzen ere, hainbat argitalpenentzako egin izan dituen ilustrazioak bildu ditu. Jardunaldion barruan, azken urteetako tradizioa jarraituz, Euskadi Fantastico VII ekimenak bi euskal egileren obrak aurkeztuko ditu; aurtengo aukeratuak Arantza Sestayo eta Rober Garay dira. Sestayo «Besos malditos» argitalpenaren egilea da eta komikiaren eta animazioaren munduan egin du lan. Garayk, besteak beste, Manurro, Kaoporrex kapitaina edo Txotxolo pertsonaiak sortu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo