GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hergarai bailara kanpotik eta barnetik ezagutzeko bi egun

Hergarai Biziren bigarren edizioa ospatuko da asteburu honetan. Mendi martxak, dastatzeak, feriak, erakusketak... osatuko dute bi eguneko ekimena. Aldi berean Garazitik hurbil dauden sei herrietako egitasmoak eta herritarren dinamikak ezagutzeko parada eskainiko du bestak.
p016_f01_177x140.jpg

Idoia ERASO

Hergarai Bizi du izena asteburu honetan Nafarroa Behereko izen bereko bailaran eginen den bestak. Bertakoentzat, ostera, jaia baino gehiago da, urtean zehar bailarako sei herrien artean dinamika bateratu bat sortzen duen elkartearen izena ere bada. Besta horri esker hergaraitarrek beraien paisaia eta txoko ederrak kanpoko jendeari ezagutarazi nahi dizkiete, eta aldi berean bertakoei egitasmoak eta baliabideak aurkeztu.

«Iratira jende anitz pasatzen da hemendik, baina ez dira gelditzen. Pentsatu genuen behar genuela ezagutarazi. Hemen badira mendi ederrak eta ibilbide anitz. Aldi berean hemen anitz jende bada ez duena ezagutzen eta behar dutenak ezagutu zer duten beren etxe ondoan», adierazi zuen Hergarai Bizi elkarteko presidente Bruno Iribarnek, asteburu honetan izanen den bestaren xedea azaltzeko.

Bi eguneko programazioan xede horiek argiki ikusten dira. Larunbatean Hergarai kanpotik ezagutzeko parada eskainiko da. Lekunberriko plazatik abiatuta goizean ibilaldia eginen da bailarako txoko eder batzuen ezagutarazteko. Arratsaldean, hirugarren edizioa betetzen duen Ttutturru trail lasterketa arrakastatsua izanen da mendizaleentzat.

Bertako altxorrak ezagutarazteko lanean ari direla aitortu zuen Iribarnek: «Ohartuak gara anitz liburutan badirela eliza, sendero, kapera eta mendi ibilaldiak markatuak. Jendea heldu da gugana, baina galduak dira ezer ez baita markatua. Gure lana da orain zer bisitatzen ahal duten erakustea».

Barnetik

Behorlegi, Mendibe, Lekunberri, Ahatsa, Aintzila eta Duzunaritzek osatzen dute Hergaraiko bailara. Herri guztiak elkartuz mila biztanle inguru dituen Euskal Herriko txoko honek paisaia ederraz gain, badu herri dinamika azkarra. Urtean zehar biztanleek egindako lanari lotua den historia, energia berriztagarriak, nekazaritza munduari... loturiko ekimenak aurkeztuko dira bestan.

Igandeko programazioak barnera begira jarriko ditu bestalariak, bertako dinamiken berri emanez jai giroan. Plaza alaitzeko feria eginen da, bertan animazioez gain, bertako ofizialeak izanen dira. Inguruko ekonomiaren parte handia osatzen duen artzaintza eta ardi gaztaren produkzioa izanen da protagonista, munduko ardi gazta handienaren parioarekin. «Hemengo ekonomia maila handi batean nekazaritzan oinarritua da, lau laboraritik hiru ardi gasnadunak dira. Gasna handia egiteko parioa gasnagile eta ardi jabeen artean garatu dugu», azaldu zuen Lekunberriko auzapeza eta gaztagilea den Jojo Goyheneixek.

Baserri inguruko errealitate hori kontuan harturik egun horretan goizeko bederatzietatik aurrera Duzunaritzeko lau etxaldek beraien ateak irekiko dituzte bertako bizimolde eta hazkuntzak erakusteko.

Bailaran energia berriztagarriei loturik egindako ikerketa baten emaitzak aurkeztuko dira igandean Duzunaritzeko eskolan. Hamabost astez Alexis Reberg senpertarra Hergaraiko bailarako egur baliabideen erabilpen posibleei buruzko ikerketa egiten aritu da. Emaitzak positiboak izan dira, merkatua eta baliabideak parekatu ondoren egur moldaketarako unitate bat sortzea posible dela baieztatu zuten bai Rebergek bai elkarteko Bruno Irigaraik: «Bertan dauzkagun baliabideak erabiliz etxeak eta enpresak berotzeko aukera badugula baieztatu dugu ikerketarekin».

Egurra energia bezala erabiltzeko egin ikerketak enpresa kooperatibo bat sortzea du helburu. Kooperatibaren aukeraketa bi arrazoitan oinarritzen dela azaldu zuen Rebergek: «Alde batetik, aktore ezberdinak elkartu nahi dira: norbanako erabiltzaileak, enpresak, erakunde publikoak... bestalde bertako garapen jasangarria sustatzeko logika ezarri nahi da». Hergaraiko lurretan izandako egonaldiak eta egitasmo honetatik ikusitakoa horrela azaldu du senpertarrak: «Denak bilduz sortu duten elkartea da beraien indarra. Toki txikia da eta horregatik elkartasun handiagoa izan behar dute».

Hergaraiko herri dinamika ez da Nafarroa Behereko inguruetan bakarra, Hergarai Biziko bestarekin txandakatuz bi urtean behin Urepeleko bailarako altxorrak ezagutarazteko ekimena ere antolatzen dute herritarrek.

Munduko ardi gasna handiena egiteko apustua

«Espantu bat egin nahi genuen, zerbait ezohikoa», azaldu zuen Lekunberrin Jojo Goyheneixe gaztagile eta auzapezak. Apustu hori egiteko munduko ardi gazta handiena egiten saiatuko dira heldu den igandean Duzunaritzeko plazan.

«Jadanik 50 kilokoa egina izan da, baina gu handiagoa egiten entseatuko gara», adierazi zuen Hergarai Biziko presidente Bruno Iribarnek. Apustutik errealitatera izanen den saltoa ikusteke omen dago oraindik, Goyheneixen aburuz: «80 kiloko gasna egin nahi genuen, baina zaila izanen da; hala ere, 70 kilo baino gehiago izanen dituela uste dut». Hala ere, «espantua» ez da horretan geldituko: «Gero norbaitek handiagoa egiten badu, gu gainditzen entseatuko gara».

Gaztaren prestaketa lanak igandean egingo dituzte Hergarai bailarako artzain eta esnegileek, baina gazta bera egiteak urtebete baino gehiago hartuko du. Hori dela-eta, bi urtero egiten den Hergarai Biziko hurrengo edizioan zerbitzatua izanen da. I.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo