GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurreneko Porrontxoak antolatu zituzten beterano kutunak omendu dituzte Egian

Lehertu dira Porrontxoak eta egiatarrak hilabete luzez burututako lanaren fruituak jasotzen hasi dira. Aurten 30 urte bete dituzte festek eta aurreneko Porrontxoak antolatu zituzten beteranoak omendu zituzten atzo txupinazoan.

p018_f03_148x153.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Oroitzapen adina Porrontxo jai izan dira azken hogeita hamar urteetan. Donostiako Egia auzoko festa kutunak ez dira nolanahikoak, urteen poderioz jasotako esperientziaren bidez oihartzun handiko jaiak izatera heldu baitira; izan ere, nork ez ditu ezagutzen Porrontxoak? Iraileko hirugarren asteburuan festetan bete-betean sartuta egoten da auzoa, eta lan nekezegia bihurtzen da maldaz jositako auzo xarmant honetara bisitatxo bat ez egitea.

Porrontxoek uda oraindik amaitu ez dela ere gogorarazten digute, urtaro honetako festa beroei azken zukua ateratzeko aukera ederra baita. Egunerokotasuna ahaztu, errutinari ostikoa eman eta hamaika ekitalditan bustitzeko aukera dago tabernaz jositako auzo honetan.

Porrontxoen arrakastaren zergatia Egiako kuadrillak dira, dudarik gabe. Egun, badira 30 bat inguru, eta guztiek ematen dute zer edo zer festak antolatzeko orduan. Urteko azken hilabeteetan hasten dira batzen normalean. Batzarretan ekarpen ugari jasotzen dira eta ideiak partekatuz eta landuz ateratzen dituzte jaiak aurrera. Jai Batzordeak koordinatzen du guztia, eta berau arduratzen da Udalean bete behar diren izapideak osatzeaz.

Urtzi Aizpuru Jai Batzordeko kidea da. Festen antolakuntza lanetan bizilagun askok parte hartzea jotzen du berak Porrontxoen arrakastaren oinarritzat, parte hartze horrek bizilagunak aktibo mantentzea ekartzen duelako. Egitaraua ere aipatzen du berak, ekintzak erabat herrikoiak direlako, «herritarrek kudeatuta eta herritarrentzat». «Sortu ziren garaian arrakasta izan zuten eta ordutik zabaltzen eta mantentzen joan dira».

80ko hamarkadan sartu aurretik Egiako hainbat kalek festa propioak zituen, baina apurka-apurka indarra galtzen joan ziren. Halaxe sortu zen auzo mailan festa nagusi eta bakar hauek sortzeko grina.

Beteranoak gogoan

Atzo iluntzean bota zuten txupinazoa, festei hasiera ofiziala emateko. Jaia aurretik hasita zegoen, hala ere. Arratsaldeko bostetatik aurrera buruhandi eta erraldoiak atera ziren kalera eta aurpegiak margotzen ere aritu ziren. Haurren jaitsiera ere egin zuten Porrontxina, Porrontxo eta buruhandien konpainian. Txan Magoa ere egiatarra bihurtu zen. Ondorioz, jaia ziurtatuta zegoen suziria lehertu zenerako. Kuadrillek txupinazora mozorrotuta agertzeko ohitura dute, Aizpururen esanetan, «urteko sekreturik handiena» izaten da gainera. Ohiturari jarraiki, Atotxako pasabidearen irteeran bota zuten suziria, eta beteranoak omendu zituzten. Festen sorreratik jada 30 urte igaro direla aprobetxatuz aurreneko Porrontxoak antolatzen ibili ziren hamabi kuadrillak gonbidatu zituzten. Hala, esker onez agurtu zituzten blusak jantzi eta Porrontxoak koloreztatzeari ekin zioten lehen hamabi kuadrilletako lagunak. «Kuadrilla aitzindariok marraztu zituzten aurreneko zirriborroak, eta bidea urratu ziguten haien seme-alaboi, iloboi, biloboi... Harik eta denon artean urte adina blusa dituen koadro koloretsua bete dugun arte», diote Jai Batzordekoek.

Suziria bota ostean festa lehertu zen Egian eta hala jarraitzen dute ordutik. Aurreko urtean bezala, Plaza Haundi eta Plaza Berri bilakatu dira jai gune nagusi. Txosna eta karpa ederrak jarri dituzte festazaleek faltan ezer izan ez dezaten. Bi gune nagusi hauez gain, beste hainbat txokotan ere izango dira ekintzak. Gaurkoa egun luzea izango da auzoan eta Tejeria kalean egingo den entzierro batekin emango diote hasiera. Haur eta gazte eguna da gaurkoa. Hala, Hipo eta Tomax pailazoak aurkituko ditugu Plaza Haundin 12.00ak aldera. Arratsaldean, berriz, hamaika kontu izango dira, gazteen eguna da eta.

Auzoko kuadrillek aspaldiko ohitura berreskuratu nahi dute eta Urumea ibaian zehar estropada egiteko asmoa dute arratsaldean. Aizpuruk dio oraingo gazteek txikitan ikusten zuten ikuskizun hori berreskuratu nahi izan dutela. Iluntzean sari banaketa egongo da, eta jarraian «Urumean edo txosnetan ito ez direnentzat», afaria Plaza Haundin.

Udalarekin hobeto

Azken urteetan eta iaz, batez ere, Donostiako Udalarekin ika-mikak izan zituen Egiako Jai Batzordeak; izan ere, Odon Elorza buru zuen Udalak jaiak ospatzeko ezinbesteko diren azpiegituren baimena, oholtzarena eta txosnena esaterako, ukatu egin zien. Debeku horiek ez zituen Egiako jaien antolatzaileak geldiarazi eta, prestaketa lanetan atsedenik gabe aritu bitartean, hamaika protesta ekintza gauzatu zituzten irtenbidea bilatzearren.

Maiatzeko hauteskundeetan aldaketa heldu zen Donostiara. Jai Batzordeko kideari egun Udalarekin duten harremana zer nolakoa den galdetuta, Aizpuruk «oraingoz» ondo dagoela azaldu du. Maiatzetik hona denbora gutxi igaro dela dio, baina Udalera joan direnean ez dizkietela «ateak itxi», aurreko urtean gertatu zen bezala. «Arazoak izan direnean komunikazio falta izan da, nire ustez, arazorik handiena, elkarrekin ez komunikatzea. Oraindik ere gauza asko daude bideratzeko, urteetan komunikazio eskasa izan dugulako, eta guztiok ditugu gauzak hobetzeko». Donostiako koordinadora orokorraren barnean dago Egiako Jai Batzordea eta aurreko urteetan Udalarekin arazoak izan dituzten bakarrak ez direla azaldu du Aizpuruk. «Guk nahi duguna da auzo guztiek jai duin batzuk izatea».

Guztiok gonbidatuta

Igandean amaituko dira Porrontxoak, baina oraindik hasi besterik ez dira egin. Izango dira gaur ajeaz esnatu direnak, baina onena iristeko dago oraindik inolako santurik goraipatzen ez duten Porrontxoetan. Jai Batzordeko kideari festen bidez zer lortu nahi duten galdetuta, badu zer aipatu. Batetik, egiatarrak elkar ezagutzeko eta disfrutatzeko jaiak antolatu ahal izatea aipatzen du; izan ere, «urtea oso gogorra da eta guztion artean gozatzea nahi dugu». Egunotan kanpotik Porrontxoetara agertuko direnak ere besoak zabalik hartuko dituztela azaldu du Aizpuruk, «auzokoak ez direnak etxean bezala sentitzea nahi dugu». Beraz, festan ederki pasatu nahi duenak ateak irekita aurkituko ditu.

Astebururako hamaika ekintza daude antolatuta Euskal Herriko txoko ugaritan eta Gipuzkoako hiriburua da horietako bat. Horren jabe ere badira auzoan; hala ere, festarako gogotsu den edonor dago gonbidatuta Porrontxoetara, Aizpuruk dioen bezala, «Egia ez baitago Donostiatik hain urruti».

SiNtotxa ekimena

Porrontxoetako sudurrak ez dira nolanahikoak. Iaz, Udala «oldarkor» jarri zitzaienean, Sintotxa mugimendua jarri zuten abian, eta Udalaren jarrerari umorez aurre egitea erabaki zuten. Aurten, bestelako kutsu bat eman diote eta film laburrak egin dituzte. Bihar sariak banatu eta aurkeztutako filmak ikusteko aukera egongo da Plaza Berrin.

ESTROPADA

Ohitura zaharrak berreskuratzeko asmoz, estropadak antolatu dituzte Urumea ibaian. Gaur arratsaldean izango da zita, 17.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo