Bergara prest da, bihar «Monzon» pastoralean 2.300 ikusle hartzeko
GARA | BERGARA
Dagoeneko Bergaran dena prest dago bihar antzeztuko den «Monzon» pastoralean 2.300 ikusle inguru hartzeko. Udaleko Kultura sailak baieztatu duenez, azken egunotan herritarrek gogor egin dute lan, bai aurretik egin beharreko prestakizunetan bai egunean bertan dauden lanak antolatzen. Herrian jakin-min handia dago bergarar handi baten bizitza kontatzen duen antzezlanaren aurrean. Herriko gutxieneko batek ikusi zuen pastorala Larrainen bertan abuztuan izan zituen emanaldi bietan, eta horregatik erantzun handia espero dute protagonistaren jaioterrian.
Telesforo Monzon Olaso Dorretxean jaio zen 1904. urtean eta Olaso ezizena erabili zuen, hain zuzen ere, deserrian. Herriak berak protagonismo puntu bat dauka kontakizunean eta, era berean, bergarar askoren ibilbidea ikusgai izango da Larraineko herritarrek egingo duten antzezpenean, Jose Luis Elkororena kasu. Pastoralaren aurkezpenean, Jesus Elortza alkateak nabarmendu zuenez, bi herrien arteko loturak sendotzeaz gain, larraintarren lanak garrantzi berezia du Bergararentzat, pertsonaiagatik eta hurbiltasunagatik.
Sarreren salmentaren egoerari buruz -15 eurotan saltzen dira- zifra zehatzik ez zuten eman, baina «herrian asko eta Euskal herrian zehar egokitutako saltoki ezberdinetan, gutxiago» izan ziren.
Bergaran, bitartean, badituzte 120 etxe prest bihar gauean larraintarrak hartzeko, eta ehun lagunetik gora badaude antolatuta Jean Bordaxarren testua oholtza gainean ipiniko duten larraintarrei harrera egiteko eta jatekoa zerbitzatzeko, gehi sarreren salmenta eta kontrola egiteko.
Pastorala 17.00etan hasiko denez, 16.30erako bertan egotea gomendatu zuten.