GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Urduritasunak uxatzeko puntuak batu behar dira

Avironek Parisen jokatuko du Stade Françaisen aurka, eta Biarritzek, Tolosan Stade Toulousainekin.

p038_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Azkeneko emaitza kaskarrak alde batera utzi nahi dituzte Avironek eta Biarritzek, nahiz eta Lapurdiko bi taldeek irteera zailak izango dituzten gaur. Zuri-urdinek 20.00etatik aurrera Parisen jokatuko dute Stade Françaisen aurka, eta zuri-gorriek 20.45ean hasiko dute beren partida Tolosan, Staderen aurka, txapeldunaren aurka.

Baionako taldeak hasiera ezin hobea eman zion Ligari Stade Toulousaini irabazita, baina ordutik berdinketa bat besterik ez du lortu. Ustekabeko porrota jaso zuen Bordelen, eta joan den astean ez zuen etxean irudi ona eman, nahiz eta berdinketa bat lortu ahal izan zuen.

Stade Français ere egoera berean dago. Bien zenbakiak berdintsuak dira, bakoitzak partida bat irabazi, bat galdu eta bat berdinduta. Bien artean aldaketa bakarra dago, Parisekoek bonus bat lortu baitute, eta baionarrek, berriz, ez; horrek jartzen ditu Frantziako hiriburukoak euskaldunen aurretik, puntu bateko abantailarekin.

Bi taldeen asmoa Ligako sei onenen artean amaitzea denez, gaurko emaitzak garrantzia handia izango du. Dudarik gabe, irabaztea da emaitza onena, baina hori lortu ezean, ez galtzea ere ez litzateke batere txarra.

Biarritzen hasiera negargarria izan da. Hiru partidetan berdinketa bat besterik ez du lortu, eta neurketa horietako bi, gainera, etxean jokatuta. Garaipenaren bidera itzultzeko zelairik onena ez dute gaurkoa, egungo txapeldunen zelaian jokatuko baitute. Tolosakoak ere ez dira hasi nahi bezain ongi, haiei ere Munduko Txapelketak kalte dezente eragin baitie. Laugarren postuan daude kokatuta, bi partida irabazi eta bat galduta.

Zuri-gorriak hamabigarren postuan daude. Oraingoz jaitsierako lekuetatik at, baina gaur galtzen badute, aukera asko izango dituzte hor sartzeko, eta Agilera inguruan hori zer den ere ahaztuta daude. Yachviliren eta Harinordokiren hutsunea ikaragarri ari dira nabaritzen, baina baita Ngwenyarena ere. Estatubatuarrak bere abiadurarekin entseguak lortzeko bidea egiten du, eta badirudi bere falta dela entseguak egitea ia ezinezkoa dela. Patrice Laguisquet aurreko entrenatzaileen lana hobetzeko ekarri dute, baina hasiera ezin txarragoa izan du.

Kezkak

Zuri-gorriek partida bat berdindu eta bi galdu dituzte, eta horrek kezka asko sortu du. Zuri-urdinak hobeto hasi ziren, baina azken bi norgehiagoketako emaitzak eta jokoak zalantzak piztu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo