GARA > Idatzia > Kultura

Balenciagaren sakontasuna eta argia islatu du Outumurok

Manuel Outumuro moda argazkilari ezagunak Cristobal Balenciagaren soinekoen kolorea, ehundura eta ikuslea sorgintzen duen edertasuna ez ezik, jantziek gordetzen dituzten mezu eta hausnarketak ere islatu ditu. Atzo Kutxaren Boulevard Aretoetan irekitako 60 argazkiko erakusketan, garai eta ezaugarri ezberdinetako bi artistok bat egiten dute.
p048_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Donostiako Kutxaren Boulevard Aretoetan heldu den urriaren 16ra arte zabalik egonen den erakusketan, Cristobal Balenciagaren sorkuntza lan esanguratsuak ikusiko ditu bisitariak, Parisko eragin handia agertzen duten lehenbiziko urteetatik 60ko hamarkadako diseinuen kalitate arkitektonikoraino. Baina bertze modu batez ezagutuko ditu lan hauek, Manuel Outumuro moda argazkilariaren begietatik.

Satin estanpatu berdez egindako koktel soinekoa, lore motiboz betea; zeta zuriko tafetazko jantzia, bi tonu granatetan egindako petalo estanpatuz apaindua; pastel-berde koloreko shantungez egindako gaueko soinekoa... Hagitz irudi ederrak jarri dituzte ikusgai, nahiz eta ezinezkoa dela jakin, janzteko gogoa ematen dutenak.

Ourensen jaio eta Bartzelonan bizi den argazkilaria hilabete eta erdiz aritu zen Miramonen atondutako estudioan lanean, Getariako jostun handiaren soinekoen alderdirik fotogenikoena bilatzen. Atzoko inaugurazio ekitaldian adierazi zuenez, «harrigarria» da berarentzat argazkiak erakusketako hormetan zintzilik ikustea, ez zituelako asmo horrekin atera, Balenciaga Museoaren katalogorako baizik.

Outumuroren erronkarik handiena gorputzik gabeko jantziekin lan egitea izan da, bera modeloekin aritzera ohituta baitago. Horregatik, laneko lehenbiziko hiru egunak ez ziren «erabat erosoak» izan. «Bizirik gabeko manikiekin ari zarenez, zuk zeuk altxatu eta mugitu behar duzu euskarria alde batera edo bestera. Argia, hondoak eta halako alderdiak lantzeko probak egin nituen Bartzelonan, baina ez nuen modelorik gabe lan egitearen zailtasunen berri», aitortu zuen.

Jantzi bakoitzak berarentzat espresuki egindako euskarri bat du. «Euskarriena orain ulertu dut. Ezin dira dendetako manikiekin konparatu», argitu zuen.

Boulevard Aretoetan jarritako tamaina ezberdineko 60 argazkiei begiratuta jantziak ukitu egin daitezkeela dirudi, eta egileak kontatu zuenez, argia da horren sekretua, «argazkilaritzaren sekretua argia da beti».

Soineko bakoitzaren mezua

Javier Gonzalez de Duranak, Cristobal Balenciaga Fundazioaren eta Museoaren zuzendariak, adierazi zuenez, bi protagonista, bi artista ditu erakusketa honek, Outumuro eta Balenciaga. Eta nahiz eta garai eta ezaugarri desberdinekoak izan, elkarren osagarri dira, argazkilariak hagitz ongi ulertu duelako Balenciagaren lana objektiboarekin nola jaso.

«Ez du kolorea eta ehundura soilik agertzen, urrunago iristen da, muga materialak eta formalak gaindituz, eta jantzi bakoitzak zer mezu edo eduki duen pentsarazten digu». Gonzalez de Duranaren iritziz, mezuaren interpretazioak esanahi anitz ditu eta aldatu egiten da garaiaren arabera. Segur aski, hemendik denbora batera bertze zentzu bat emanen diogu Balenciagaren obrari.

«Kontraesan txiki eta bitxi bat» ere aipatu zuen zuzendariak: jantziek denboraren joana oroitarazten digute, baina aldi berean Balenciagaren obrak iraun egiten du.

Gaineratu zuenez, museotik atera diren lehenbiziko aldia da eta etorkizuneko bide luze eta emankor baten hasiera izatea espero dute. Erakusketa ibiltari hau oraindik Getariako eraikina bisitatzera animatu ez den jendearengana hurbiltzeko eta euren jakin-mina eta irrika pizteko baliatu nahi dute. Museoaren hiru hilabeteotako balorazio ezin hobea egin zuen: «Gainditu egin dugu espero genuen bisitari kopurua; 45.000 lagun hartu ditugu dagoeneko, eta bisitariek etorri aurretik buruan zuten ideia ere bai, uste baino gusturago gelditu baitira obrak ikusita». Ekintza paraleloen balantzea ere primerakoa da: bisita gidatuak egin dituzte, afariak... Eta horiek guztiek bizitu egin dute museoa.

«Orain gure esku dago horri eustea eta dauden askotariko publiko txikiak erakartzea. Asmatzeko modua aurkitu behar dugu, etorriko ez litzatekeen jendea etortzeko», agertu zuen. Argazkilariak erran zuen museoak gauzak gertatu behar diren lekuak direla. Balenciaga izugarri gustatu zaio, baina bere etorkizuna bisitariak erakartzeko moduaren araberakoa izanen dela deritzo.

IBILTARIA

«Balenciaga argian eta sakonean» erakusketa ibiltaria izanen dela azaldu dute, nahiz eta ez duten zehaztu zer herritara eramanen duten. Oraindik Getariako museoa ezagutzen ez duen jendearengana hurbiltzea dute xede.

Fitxa

Lekua: Kutxa Boulevard Aretoak (Boulevard, I. Donostia).

Data: Egunero, gaurtik urriaren 16ra arte.

Ordutegia: 11.30-13.30/ 17.00-21.00.

Sarrera: Doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo