GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Kelo eta Ainara Sarasketa Uztaro Kooperatibako kideak

Elikadura subiranotasunaren alde

Elikadura subiranotasunaren alde egiteko interesa duen pertsona oro topaketen baitan antolatu dugun batzar irekian parte hartzera gonbidatzen dugu

Lee Kiung Hae baserritar xumeak 2003ko irailaren 10ean bere buruaz beste egin zuen Munduko Merkataritza Antolakundeak (MMA; gazteleraz, OMC) CanCunen (Mexiko) ospatu zuen goi bilkuraren aurrean protesta egiteko. Modu horretan, erakunde horrek bere lurraldean zeraman politika salatu nahi izan zuen. Orduz geroztik, data hori MMAren aurkako nazioarteko eguna bilakatu da.

Lee Kiung Hae-k burutu zuen salaketa-ekintza bortitz eta etsipenezko hau harrigarria da gure ikuspegi europar eta kaletarrarentzat, baina ez zen lehenengoa izan, ezta azkena izango ere.

Gainera, milaka dira kapitalismoaren aurkako borrokan bizia galdu duten eta oraindik ere galtzen ari diren baserritarrak, politika kapitalisten erruz zuzenean hiltzen diren milioika baserritarrez gain. Horietaz oroitzean atzera begiratu eta 15 urteotako esperientzia duen gizarte mugimenduaren errealitatea ikusten dugu, gaur egun jasaten dugun eraso neoliberalaren aurrean tinko eusten eta borroka zuzena egiten jarraituz. Baita sistema kapitalistak eragiten dituen hondamendiei aurre egiten ere.

Sistema kapitalistak gosea pasatzera behartzen baititu mundu osoko nekazari-herrialdeak, beraien jarduera eta kultura desagerrarazi, eta ingurumena suntsitu.

Urte askotako borroka eta erresistentzia MMA erakundearen laguntzaz Munduko Bankuak eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak ezartzen dituzten politiken aurrean. MMAk horiek mundu mailako merkataritza finantza-botereen eta multinazionalen interesen arabera kontrolatzen ditu, eta familia mailako nekazaritza desagerraraztearen erantzule da. Baita nekazaritza modu hori babesten duten nekazari herrialde edota herrialde indigenen desagerraraztearena ere. MMAk «dumping»-a eta esportaziorako diru laguntzak babesten ditu lehenengo munduan.

Bestalde, euren nekazaritzatik bizirauteko gai diren herrialdeetan merkataritza-harreman bidegabeak ezarri eta inportaziora derrigortzen ditu. Are gehiago, nekazaritza propioa sustatzen duten elkarte publikoen pribatizazioa, azpiegitura erraldoien eraikuntza, hango ekonomiaren liberalizazioa, oligopolioen hedapena, ondasun naturalen pribatizazioa, eta abar babesten ditu.

Ez hori bakarrik, biopirateria eta transgenikoak ere babesten baititu eta badakigu transgenikoek biodibertsitatea hondatzen dutela, baita antzinatik jaso dugun nekazaritzako ondare genetikoa eta herrialdeen osasuna ere.

Erakunde hau tokiko eta familia mailako nekazaritzaren suntsitzailea da, herrientzako janari osasuntsua ekoiztea bultzatu beharrean bio-erregaien ekoizpena eta beste ekoizpen-industrial batzuk sustatuz.

Elikadura Subiranotasunaren aldeko mugimendua egoera honen aurrean sortzen da, MMAren sorreraren aurrean nazioarteko borroka berri bat sortuz, indartuz doan politika neoliberalen aurka.

Gai hau jorratuko da, besteak beste, Usurbilen irailaren 30etik urriaren 2ra eginen diren Auzolan Topaketetan. Elikadura subiranotasunaren alde egiteko interesa duen pertsona oro topaketen baitan antolatu dugun batzar irekian parte hartzera gonbidatzen dugu. Informazio gehiago eta izen-ematea, www.auzolan.info webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo