GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Partidak

Orbaizek garaipenarekin abiatu du Greziako ibilbide berria

Jon LEUNDA

Orbaizek garaipen batekin amaitu du Greziako bere ibilbidea Olympiacos taldean. Liga, gainera, besteak baino geroago hasi du. Iazko denboraldiaren amaieran partidak erosi eta saltzen zituztelakoan, istilu larriak sortu dira, eta talde batzuen gestioa ikertzen ari direnez, horiek oraindik ezin dute partidarik jokatu. Olympiacosen egutegiari dagokionez, lehen bi jardunaldietako taldeak ikertzen ari zirenetakoak ziren, eta ezin izan du jokatu, baina hirugarrengoan lehiatu ahal izan da.

2-1 hartu zuten mendean Xanthi taldea, eta bigarren gola, gainera, luzapenean lortu zuten. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldean Orbaizek partida osoa jokatu zuen; ez, ordea, Yestek, ez baitzen deialdian sartu.

Asteburuan nabarmendu den beste jokalari euskaldunetako bat Mikel Arteta izan da; Arsenalen lan bikaina egin zuen, eta ez du denbora asko behar izan bere talde berrira ohitzeko. Gipuzkoarrak gaitzeko partida egin zuen, eta gol bat ere sartu zuen, baina ez zuen garaipena lortzeko balio izan, 4-3 galdu baitzuten Blackburn taldearen zelaian.

Nabarmendu diren euskal jokalarien zerrendarekin jarraituz, Barkero izan da beste horietako bat. Levante taldean ari den aretxabaletarrak sekulako partida egin zuen Real Madril taldearen aurka, eta garrantzi handiko garaipena lortu zuen, 1-0.

Bigarren Mailan ari diren euskal jokalariek ez dute asteburu ederrik izan, eta nabarmentzekoa, berriro ere, euskaldun ugari dituen Guadalajara taldea izan da. 3-3 berdindu zuen Villarreal B taldearen zelaian, eta Saizar, Gago, Jonan Garcia eta Arriaga titular izan ziren. Azken honek eman zuen berri txarra, min hartu zuen partida hasi eta berehala. Hala ere, ez dirudi lesioa larria denik.

Bigarren B Mailan, Mirandes da protagonista. Taldean erdia baino gehiago euskal jokalariak dira, eta jadanik lehen postuan da. Iazko bide beretik jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo