GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sorturen gaineko ebazpena ez lukete atzeratu behar

Sortu alderdi abertzalearen defentsak Auzitegi Konstituzional espainolari eskatu dio alderdiaren legeztatzeari buruzko epaia urriaren 7a baino lehen eman dezala, egun hori baita koalizioak azaroaren 20ko hauteskundeetara aurkezteko mugaeguna. Ez da garrantzi txikiko eskaera. Izan ere, gerta liteke Konstituzionalak Sorturen babes helegitearen gaineko ebazpena epe hori gaindituta ematea, ez baitu horretarako epe jakinik; Sortuk, ordea, epe jakinak ditu hauteskunde horietara aurkeztu ahal izateko, koalizioan zein bakarka, eta ebazpena alderdi abertzalea legeztatzearen aldekoa balitz ere, Sortuk ezingo luke hauteskundeetara beste alderdi batzuekin batera aurkeztu. Kasu horretan, defentsak bere eskaeran aipatzen duen konpondu ezinezko kaltea gertatuko litzateke. Herenegun Estatuaren abokatuak babes helegitearen aurkako alegazioak aurkeztuta, gaur goizean aurkeztekoa zen Fiskaltza berea; hartara, Auzitegi Konstituzionala hastear da auzia aztertzen, eta denbora nahikoa du erabakia aipaturiko data baino lehen hartzeko. Ebazpena atzeratzeak hauteskundeetan parte hartu nahi duen legezko alderdi bat horietatik kanpo uztea ekar lezake. Beraz, jokoan dago, legeak ezartzen dituen epeak baino harago, eskubide demokratikoen logikak dioena, alegia posible ez ezik, komenigarria ere badela ebazpena urriaren 7rako ematea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo