Erasoen araberako erantzuna emango du LABek, krisi egoerari aurre egiteko
Egungo krisia aztertzean, oso kritiko agertu zen LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko saila atzoko prentsaurrekoan. Egoerari aurre egiteko, beharrezkotzat dute erasoen araberako erantzuna ematea, eta mobilizazioek orokor, bateratu eta iraunkorrak izan behar dute.
Idoia ERASO | BAIONA
«Egoera latza bizi dugu Euskal Herrian eta munduan; horren gibelean den politika salatu nahi dugu eta erasoen araberako erantzuna eman», horrela laburbildu zuen Amaia Fontangek LAB sindikatuaren politika. Ildo horretatik, «aurten ere karrikan izanen gara», iragarri zuen Baionako kideak .
Lehen hitzordua heldu den astean izanen da, irailaren 27an; hezkuntza publiko eta pribatuko sindikatuek egun horretarako egin duten greba orokorrerako deialdiarekin bat egin du LABek. «Baliabideen murrizketa salatu behar da, langileen prekarietatea eta ikas baldintzen okertzea ekarri dute-eta», adierazi zuen Jon Irazolak.
Hezkuntzaren kalitatea aldarrikatzeaz gain, euskararen tokiaz ere arduratzen da LABeko Irakaskuntza arloa, beste sindikatuak ez bezala; hain zuzen, euskara eskoletan orokortu beharko litzatekeela defendatzen du LABek.
Eraso zentralizatzaileak
Erantzunak irmoa izan behar duela nabarmendu zuten; izan ere, erasoak ez dira nolanahikoak. Bereziki, gobernua zentralizazioa indartzen eta areagotzen ari dela salatu zuen sindikatu abertzaleak. «Lurralde erreforma martxan jartzen ari da, eta horren bitartez gobernuak indar handiagoa hartuko du eta tokiko erakundeei gaur egun dutena kenduko die», azaldu zuen Fontangek.
Ipar Euskal Herriak eraso horri aurre egiteko aitortzarik eta ondorioz inolako erakunderik ez izateak egoera hori zaildu egiten duela azpimarratu zuten sindikalistek. «Ipar Euskal Herriak dituen behar bereziei berezko aterabiderik ez zaie ematen ahal. Esaterako, enpresa itxierak zaintzeko egitura sozio-ekonomikorik ez dago», nabarmendu zuen Fontangek.
Beste erreforma zentralizatzaile bat ere aipatu zuen LABeko kideak. Hamaika langile baino gutxiago dituzten enpresetan hauteskunde sindikalak lan arloka eta eskualdeka antolatuko lirateke. Hau da, Akitania osoa hartuko litzateke kontuan, eta gunea Bordele litzateke, non LAB bezalako sindikatu txikien bozek ez luketen ordezkaritzarik izanen.
«Neurri sendoak eta erabatekoak hartzera behartuak gaude, bereziki gure etorkizun sozio-ekonomikoa jokoan dagoelako», azaldu zuen Jon Irazokik. «Iazko mobilizazioek erakutsi digute, nahiz eta masiboak izan, ez dutela boterearekin harremana aldatu. Eraginkorragoak nola izan aztertu eta borroka egiteko modu berriak landu behar dira. Azaroaren 19an Ipar Euskal Herriko afiliatuen biltzarra eginen dugu, eta hartu beharreko norabidea eztabaidatuko dugu bertan».
Amaia Fontangek egoera politikoa ere aipatu zuen atzoko agerraldian, LABen izenean: «Bateraguneren aurkako sententzia arbuiagarria da eta elkartasun osoa erakutsi nahi diogu gure lehengo presidenteari». Euskal gizarte eta langileriari dei egin zien «erantzun sendo eta demokratikoa ematera, prozesu politiko horren aurka».