GARA > Idatzia > Kultura

«Fisahara helburu», Saharako gatazka politikoa eta zinema jaialdia ezagutzeko liburua

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Fisahara helburu» liburua Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren eta Saharako nazioarteko zinemaldiaren arteko senidetze harremanaren emaitza da. Basamortuko hondarretan egiten den munduko zinemaldi bakarra da Fisahara izenekoa, eta bertara hurbildutako zinemako hainbat pertsonaien ikuspuntua eskaintzen du bere orrialdeetan argitalpen honek. Horien artean, Javier Bardem, Eduardo Galeano edo Paul Lavertyren artikuluak irakur daitezke. Baita Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen hitzak ere.

Zinemaldian aurkeztu zuten atzo liburuxka. Juan Karlos Izagirre alkateak hitza hartu, eta ez zuen ahaztu nahi izan benetako Saharako arazoa eta egoera. «Saharak, Euskal Herriak bezala, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea eskatzen du, eta alkate honek eskubide hori defendatuko du beti. Hara bidalitako giza laguntza garrantzitsua bada ere, atzetik arazo politiko bat dagoela ere gogorarazi behar da, eta horren errudun nagusia Espainiako Gobernua dela azpimarratu behar da», gaineratu zuen. Izan ere, «Sahara oraindik ere, nazioarteko legealdia kontuan hartuta, Espainiako lurraldea da», gehitu zuen.

Bestalde, orain urtebete Saharako kanpamendu bat husteko asmoz Marokoko poliziak egin zuen oldarraldia eskuko telefonoez grabatu, eta irudi horiekin egindako lan laburra eskainiko dute datorren larunbatean Donostiako Andia kaleko aretoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo