GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

59 DONOSTIA ZINEMALDIA

«Komediatik pixka bat ateratzea eskatzen zidan gorputzak»

 

p041_f03.jpg

Telmo Esnal

«Urte berri on, amona!» filmearen zuzendaria

«Topeka» eta «Txotx» film laburrak eta «Aupa Etxebeste!» luzea zuzendu ditu Asier Altunarekin batera eta «Taxi?» eta «Amona putz!» film laburrak bakarka. Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) «Urte berri on, amona!» du bakarka zuzentzen duen lehenengo pelikula eta Zabaltegi Zuzendari Berriak sailean lehian izango da. Irailaren 30ean estreinatuko da estatu espainoleko zinema aretoetan.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Gustura gelditu da Telmo Esnal bere bakarkako lehen film luzearekin. Aktoreak ere pozik daude. Halaxe azaldu zuten atzo pelikularen emanaldiaren ostean. «Errodaje familiarra izan da, oso intentsoa, baina gozatu egin dugu. Aktoreekin lan handia egiten du Telmok», esan zuen Nagore Aranburuk. «Lan talde guztiari dena ematea eskatzen dio. Ezin zaitezke erlaxatu berarekin. Baina hori azkenean islatu egiten da», berretsi zuen Josean Bengoetxeak. Bikote hauxe amona -Montserrat Carulla kataluniarra- zaharren egoitza batean sartzen saiatuko da, baina uste baino bizkorragoa da amona.

Garesti atera zaie pelikulako protagonistei amona zahar etxera eraman nahi izana.

Hori zen premisa, hartu eta plan absurdo bat antolatu, «Aupa Etxebeste!»-ren antzera. Han ondo irteten zen plana, eta hemen ikusi nahi nuen gaizki ateraz gero zer gertatuko zen. Nire asmoa zen komedian hasi eta belzten joatea, gero eta gehiago.

Umorea, batez ere beltza, eta suspensea ere landu dituzu.

Gogoa neukan aldatzeko, komediatik pixka bat atera eta beste gai batzuk jorratzeko. Gorputzak eskatzen zidan.

«Alex de la Iglesia euskalduna» ote zaren komentatu dute zinema atarian...

Tamainarengatik? (jajaja...) Bueno, antzekotasun batzuk izango ditu Alexen pelikulekin, lan egin dut berarekin, baina ez da nire asmoa. Nire aldean, askoz ere espektakularragoa da bera. Nik egin nahi nuena zen edozeini gertatu dakiokeen istorio bat landu aktoreekin, guztiak sinesgarri egin, eta, behin hori neukala, kamera jarri. Aktoreekin egon nahi nuen.

Bakarkako lehenengo film luzea duzu. Zer moduz moldatu zara?

Beldur pixka batekin hasi nintzen. Ohituta bi pertsona egotera eta beti bata bestearekin kontrastatuz dena... Baina konturatzen zara bakarrik zaudela eta aurrera egiten duzu. Esperientzia ezin hobea izan da, oso aberasgarria. Indarra ematen dizu, asko ikasten duzu, beste modu bat da. Horrek ez du esan nahi bakarrik jarraituko dudala edo biok beste ezer egingo ez dugula. Asko disfrutatu dut, ume txiki batek bezala pasatu dut.

Gidoian izan duzu Asier Altunaren laguntza.

Bai, lehenengo bertsioa bakarrik egin nuen eta laguntza behar nuela ikusten nuen. Asierri komentatu nion eta biok hasi ginen orduan.

Aktoreek diotenez, hasieratik oso garbi omen zenuen zer bai eta zer ez.

Bai, oso argi. Ni filmazio askotan egon naiz laguntzaile moduan, eta badakit gauzak garbi edukita joan behar dela. Lan asko egin dut istorio honekin eta saiatu naiz buruan neukana ateratzen. Gauza batzuk ez nituen hain argi, baina, agian, ondo disimulatu dut.

Oso exigentea zarela ere aitortu digute.

Hain aukera gutxi edukita pelikula bat egiteko, amorrua ematen dizu ez aprobetxatzeak eta ahal duzun guztia eman behar duzu. Kristoren errespetua ematen dit zinemak eta ondo egin ahal badugu, egin dezagun. Oso exigentea naiz nire buruarekin eta besteekin ere bai.

Taxista bat eta amona bat dauzkagu protagonista. Zure aurreko bi film labur: «Taxi?» eta «Amona putz!». Zer da, fijazio bat? Traumaren bat?

«Amona putz!»-eko amonak ez du zerikusirik honekin, beste belaunaldi bat da. Hau birramona da jada. Eta taxistarena... kasualitateak dira. Istorio hau buruan neukan beste biak egin baino lehen. Egia da bi film labur horiek neuk bakarrik egiteak balio izan didala neure buruarengan konfiantza hartzeko.

Orduan, «Urte berri on, amona!» aspalditik buruan darabilkizun zerbait zen?

Bai. Denbora guztian atentzioa eskatzen zuen amona bat ikusi nuen, eta bakarrik zegoenean bere kabuz moldatzen zena. Ikusten nuen potentziala bazuela istorioak. «Brinkola» egiteko gelditu behar izan nuen eta bukatutakoan berriro heldu nion gidoiari.

Ez da erraza dirua lortzea?

Ez, baina normala da. Gero eta jende gehiago dago pelikulak egiten, konpetentzia. Aurten gainera, pelikula onak daudela esaten ari da jende guztia. «Bertsolari», «Bi anai», «Arriya»... Bada mugimendua. «Aupa Etxebeste!»-rekin lehenengoak izan ginen euskaraz pelikula bat egiten, baina orain...

Euskal zinema egoera onean dagoela esango zenuke?

Ikusten diren gauzengatik uste dut baietz. Poztu behar dugu jaialdian Zinemiran, Zabaltegin eta Ofizialean, hainbeste pelikula euskaraz egoteaz, ez da urtero gertatzen.

Zer iruditzen zaizu euskal zinemari Zinemaldiak eskaintzen dion tartea?

Ulertzen dut Zinemirarekin euskal zinema bultzatu nahi duela eta, bestalde, ulertzen ditut Sail Ofizialean eta Zabaltegin sartzeko askotan dituzten beldurrak. A mailako jaialdia da, nazioartekoa, eta zaindu behar dute. Hobeto egin zezaketen? Ez dakit. Askotan hitz egiten dugu jakin gabe. Duela urte batzuk ez zegoen Zinemira, eta hori aurrerapauso bat da.

Zurea Zabaltegin sartu da, eta lehian gainera. Zer suposatzen du horrek zuretzat?

Erakusleiho polita da, jende asko etortzen da mundu guztitik. Gero ez dakizu inoiz zer gertatuko den. Hau erditzea bezalakoa da, baina beti leporainoko zesarearekin. Zuzendari mexikar bati entzun nion batzuetan filmak jaiotzen direla laguntza beharrarekin eta besteetan korrika. Korrikalaria irteten bazaigu, hobe. Gustura nago egindakoarekin.

Zinemaldiaren ondoren?

Irailaren 30ean estreinatuko da estatu mailan. Kataluniara katalanezko azpidatziekin, Madrilen gaztelaniazkoekin eta hemen ere bai. Oraindik ez gara gai azpidatzi gabe egiteko. Oso zaila da aretoak euskaldunez bakarrik betetzea, oso gutxi gara.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo