GARA > Idatzia > Kultura

Oñatin faxismoaren biktimei eman diete hitza, justizia bila

Gogoratu Guran taldeak «Gerrako garrak Oñatin» dokumentala prestatu du, faxismoak gogor zigortu zuen herri honetan 36ko Gerran izan ziren gertakari garrantzitsuenak jaso eta ezagutarazteko. Liburua ere idazten ari dira, eta bihar biktimak omenduko dituzte.

GARA | OÑATI

«Oñatiko faxismoaren biktimei eman diegu hitza. Egia eta justizia bilatu nahian eta horrelakorik ez errepikatzeko urrats bat izango delakoan», azaldu dute Gogoratu Guran taldeko kideek. Udalaren laguntzarekin, omenaldia prestatu dute biharko. Txosnetako gunean izanen da ekitaldia, 19.00etan, eta bertan gogoan izanen dituzte 1936ko Gerran faxisten errepresioa jasan zuten oñatiar guztiak. Ondotik, 19.30ean, «Gerrako Garrak Oñatin» ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute.

Intxorta 1937 kultur elkarteak bultzatuta, orain bi urte eta erdi sortutako lan talde zabala da Gogoratu Guran. Bere ahaleginari esker, 75 urtez isilean gordetako oñatiarren historia osatzen ari dira. Dokumentala prest dute, eta liburua urtea bukatu baino lehen aurkezteko asmoa dute.

Oroitarazi dutenez, Oñatik 6.700 biztanle zituen 1936an. Baina matxinatuak sartu zirenean jendea fusilatzen eta desagerrarazten hasi ziren. Gerran 114 herritar hil ziren, eta atxiloketak, salaketak, epaiketak eta era askotako zigorrak eguneroko ogi bihurtu ziren. Oñati izan zen Gipuzkoan errepresio handiena jasan zuen herrietako bat: denera 737 herritar zigortu zituzten era batera edo bestera.

43 testigantza

«Zigortuetatik gutxienez 118 emakumeak ziren. Abertzaleak, ezkertiarrak, errepublikarrak izateagatik, edo haien senideak izatearren, ehunka lagun kartzeletan, kontzentrazio esparruetan eta langile batailoietan sartu zituzten, eta atera eta gero, lanik gabe zeuden. Zapalkuntza ez zen nolanahikoa kalean eta eskolan ere: euskaraz hitz egitea galarazi zuten, bandera eta abesti frankistak inposatu...», agertu dute.

Pasarte garrantzitsuenak jasotzeko, bi bide erabili dituzte Gogoratu Guran taldeko kideek: batetik grabatutako elkarrizketak -43 egin dira eta 28 dokumentalean daude, argazki historikoz eta artxibategietako agiriz hornitua- eta bestetik, birsorkuntzak. Balentin Arkauzen erailketa; Antonio Galdos, Guillermo Martinez eta beste gazte baten fusilamendua; edo hamar emakume ilea zerora moztuta manifestazio batera behartuta eraman zituztenekoa.

AURRERA EGITEKO

«Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko, zauriak ixteko, baita aurrera egin eta etorkizuna sendotzeko ere», nabarmendu dute Gogoratu Guran taldeak eta Udalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo