GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ku(ku)tza Bang!

Espazioak libre behar zuen leku hartan, hondeamakinek hartu dute baina. Eta ametsak amesgaizto bihurtzen saiatu dira makinok hara bidali dituztenak; saiatu baino ez, azken batez ametsak ezin inoiz gaiztotu, berez direlako ametsak, utopiak utopia diren bezalaxe, batean zein bestean eguneroko ekimenen zerumuga. Are ezinago gaiztotu ametsok hutsik zegoen eraikina ekimenez bete dutenean, lepo bete ere, teilaturaino bete ere. Arazoa ez da makina, arazoa hondeatzaileak dira, horiena gaiztakeria! Arauaz bestelakorik izan daitekeela onartu ezin dezaketen hondatzaileak dira. Tira, hondeamakinek lekua hartu eta eraikina bota dute, eta, badaezpada, eraitsi eta birrindu ere, gerora begira birziklatzeko moduko hondakinik gera ez dadin. Ke arteko egunak izan dira auzo setiatuan, fikziorik batere izan ez duen film errealean. Malkoak begietan, sua kalean. Odolak su gabe badiraki, kontuak atera suarekin! Borroka desorekatua parez pare izan direnen artean. Saminduen berezko amorrazioaren aurrean kaputxadunen oldarrezko harrokeria nazkagarria. Ez dute horiek erraz ahaztuko gaztetxe batera sartu behar izan zuten eguna! Nortzuk eta eurak gaztetxe batean! Eta ez sartu bakarrik, teilaturaino igo ere! Meteosat lekuko, akabua!

Palestina dut gogoan, alde bitatik izan ere. Nazio Batuen Erakundetik eta Errekaldeko Zerrendatik. Zigorra izan da honetan, «Zigordania» edo. Eta «Gasa», gasak nonahi hango kaleetatik, sua eta kea lagun, negutegi efektuaren sustatzaile nagusiena gurean Ertzaintza den seinale, eta ez fabrikak, ametsen fabrikak behintzat. Hara abiatu dira, ilaran, tanketak aurrean, atzean eta albo bietan, hiriburuko alkatearen bedeinkaziopean. Jesus amen! Kaputxaz heldu dira, ilaran betiere, ordena desordenatu ez dadin, fabrika orube eta orubea luxuzko eraikin bihurtu nahi duten kolonoen mesedetan, eta oldartu egin dira, kultur errefuxiatuen kanpalekuaren kontra gogor eta gogoz oldartu ere. Batek daki ez ote duten eraikin berria horma altu batez inguratuko, lotsa auzoan barrena zabal ez dadin. Batek daki! Dena dela, orain orube den horretan bihar-etzi eraiki dezaketen horri ez zaio urte askoan joango kuku baten espiritua. Lurra big bang batean sortu omen zen. Ametsak, lurrean, bang txikien artean doaz gauzatzen. Kukuak beste leku batean jo beharko du orain soinua, baina Kukutzak betiko lekuan iraungo du, Palestinak bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo