Jesus Mari Mendizabal 2011/9/20
Klaro
EL DIARIO VASCO
Joan den ostiralean ireki zizkidaten ene bi begi itsuok, (...) begi bata Javier Sabadellek eta Joseba Arregik bestea.
Javierrek zioen: «Ez dakit zer kalte dakarren, gaztelaniaren eta ama-hizkuntzaren bizikidetzan oinarritutako gizarte-harremanak ezartzeak». Klaro. Euskaldunok horixe egin izan dugu mendeetan: bertako ama-hizkuntzaren eta gaztelaniaren bizikidetzan oinarritutako gizarte-harremanak praktikan ipini. Baina, mendea medio, nik berari ulertzen diot klaro; berak ez niri, ordea, zipitzik ere seguruenera. Non oinarritzen da, hortaz, bizikidetza? Nondik ezarri behar dira, beraz, bion arteko harremanak? Gaztelanian eta gaztelaniatik soilik? Berea da, nonbait, enpatia eta sinpatia. Nirea (eta euskaraz ere bizi nahi dugunarena), antipatia. Gurea da, bere hitzetan, hitzontzikeria, zurikeria, lotsagabekeria (vocinglería, hipocresía, desfachatez); berea, filosofia naturala. Klaro.
Josebak, berriz, zioen: «Euskal gizartean puntu zatitzaileak gainditu eta bateratzaileak topatu behar ditugu: hiritar izan, eskubidedun eta libre». Klaro. Batzuk, hiritar duin; gu, indigena kaka-nahasle. Batzuk, eskubide ororen jabe; gu, aldian aldiko lege kapritxosoen peko. Batzuk, libre, nonahi eta beti kastillanoz mintzatzeko, euskara aukera huts utzita; gu, gaztelania jakitera derrigortuak zinki. Gurea omen da, zioen, sentimendua vascoak ez gureganatzeko. (...).
Denok berdinak gara, ezpainetatik barrualdera. Gainontzean, mintzatzen garena, gara. Hori da gauza ziertoa eta klaroa. Eta aupa Dionisio!