GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Roberto Manjon Lozoya Hizkuntza normalizazioko teknikaria

Espainiar Leviatan eta haren biktimak

Azken buruan, eta aldeak alde, demokrazian nahiz diktaduran, bakoitzak bere tokian egon behar du, behekoak behean eta goikoak goian, eta Espainia bat, handia eta askea. Leviatanek bermatzen du hori guztia

Hobbesek, XVIII. mendeko ingeles filosofo ospetsuak, estatuaren funts autoritarioa arrazoitu zuen «Leviatan» liburu gogoangarrian. Leviatan Itun Zaharreko itsas munstro bat da, suge itxurakoa, gaitzaren eta deabruaren sinboloa. Hobbesen ustez, estatua leviatan bat da -eta horrela izan behar du- despota, mugarik gabeko aginteduna. Estatua da subirano bakarra, eskubide guztien emailea, berez legitimoa, edozein izugarrikeria eginda ere; herritarrek, ordea, ez dute inolako eskubiderik, estatuak aitortutakoez besterik. Berdin da estatuak zer itxura hartzen duen, demokratikoa, monarkikoa, diktatoriala..., horiek guztiak uneko egokitasunak bide dira, komenientziazkoak. Itxura guztien azpian, estatua leviatan da beti, botereduna, nahierara joka dezakeena, edozein legez, zeinahi erakunderen bidez, herritarrak limurtuz, hertsatuz edo zapalduz.

Nolanahi ere, Hobbesek huts handi samar egin zuen leviatan justifikatzerakoan. Haren irudiko, estatua neutrala da, eta haren subiranotasun mugagabea funtzio desiragarri batean datza: guztion arteko gerla ekiditea, bestela denok hondamendira joango ginateke eta. Egun behintzat, ergelak alde batera utzita, denok argi dugu ustezko neutraltasun hori zozokeria hutsa dela, estatuak duen boterearen monopolioa herritar batzuen alde askoz alboratuago dagoenez. Lurrean ez dago neutraltasunik, eta are gutxiago zeruetan.

Leviatanak babesten dituen interes nagusien etsaiak identifikatu ondoren, unean-unean komeni zaizkion tresnez baliatzen da arerio horiek astintzeko edo suntsitzeko, inolako erantzukizunik gabe, sekulakoak eginda ere, bera baita ordena ezartzen duena. Horrela, gerla zikina edo agerikoa egin ahal du, barruan nahiz kanpoan (Irak, Afganistan, Libia...); egunkariak itxi ditzake, eta frogak lortzeko edonor astindu, lasai asko urratuta konstituzioak, giza eskubideak..., finean, bere arauak dira eta. Etsaia den heinean, nornahi epaitu eta zigor dezake aieruz, analogiaz, frogarik gabeko dedukzio hutsez. Eta ez da ezer gertatzen, zeren leviatanaren nahia betetzen dutenak beti baitaude onik, seguru eta aske, «Egunkariaren auzian» adibidez. Eta estatu-aparatuen inertziaz sare juridiko-zigortzailearen amaraunean morroiren bat salbuespenez harrapaturik suertatzen baldin bada, subiranoak jakingo du okerkeria zuzentzen, horretarako eskueran baitu indultatzeko ahalmena. GALeko protagonistak eta torturengatik kondenatutako polizia urriak daude onuradunen artean.

Arestian izan dugu leviatanaren filosofia gizatiar horren beste erakusgarri bikainik. Gobernuaren agintaldia amaitzear dela, irailean, terrorismoaren biktimen aldeko lege berria onartu dute Senatuan. Babes horren mendean sartuta daude 1960tik aurrera estatu frankistaren alde lanean jardun zuten guztiak ere, Meliton Manzanas torturatzaile entzutetsua kasu, edo Carrero Blanco almirantea. Halatan, demokraziaren arerio amorratuek ere, leviatanaren langile izan baitira, denek merezi dute laztantxoa. Aitzitik, leviatanak hil, zauritu edo zapaldu dituenak lege berritik kanpo daude, noski, diktadura baten sarraskiak izan arren. Horrela, estatu frankistaren biktimak, Franco hil aurrekoak edo trantsiziokoak izan, denak arerio dira, edo gutxienez, susmagarri, eta tartean txiripa hutsez harrapatutako gizagaixoren bat badago, hor konpon, Leviatanek ez baitio inori ezer zor.

Honaino dena normala, dena itxaroteko modukoa. Max Weber-ek argiro esan zuen demokrazia parlamentarioa sistema menperatzaileetatik bat dela, gure kultura eta garaikoa, besterik ez. Azken buruan, eta aldeak alde, demokrazian nahiz diktaduran, bakoitzak bere tokian egon behar du, behekoak behean eta goikoak goian, eta Espainia bat, handia eta askea. Leviatanek bermatzen du hori guztia. Horrela ikusita errazago ulertuko dugu hain normala iruditu ez edo bitxitzat joko genezakeena: Senatuak aho batez onartzea biktimatasuna estatuaren zerbitzariei aitortu bai baina hark eragindako biktimak txokoan uzten duen legea. Hala, PSOEk eta PPk ez ezik, EAJk, BNGk, CIUk, Ezkerra Republicanak eta Iniciativa per Catalunya-Verdsek (IU) ere men egin diote leviatanaren gogo diskriminatzaileari. Senatuko ordezkari politiko guztiak horretan bat etortzea ez da hutsala inondik ere. Gauza jakina da PSOE eta PP botere-sistemako partaide organikoak direla, baina ez zegoen argi besteen konpromisoa norainokoa zen; orain, berriz, lanbroa pixka bat garbitzen hasi da.

Jakina, leviatanaren jopu belaxka batzuk ez dira identifikatuko egongo espainiar handitasun, askatasun eta batasun hautsiezinarekin, baina zintzo eta zindo erakutsi diote abagune estuetan badakitela norekin egon behar duten, interesen hierarkia egokia zein den. Argi dago politikan serio eta zuzen jardun nahi baduzu, kostuak ordaintzeko prest egon behar duzula, gertu antolakuntza politikoaren eskakizunak apal betetzeko. Ez dezala inork ahaztu. Ez zaitez leviatanaren aurrean tronpatu, ez eta zeure burua engainatu zerbitzarienganako gehiegizko itxaropenekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo