GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Gaztedik zilarrezko domina batekin agurtu du Ingalaterra

Jon LEUNDA

Zilarrezko domina batekin agurtu du Ingalaterra Gaztedik. Emakumezkoen 520 kilokoan lortu zuten domina bizkaitarrek, taldean Herbeheretako bi neska ere bazituztela.

Txinako talde baten aurka galdu zuten urrea eskuratzeko aukera. Ligaxkan ere multzo berean izan ziren bi taldeak, eta orduko hartan ere txinatarrek mendean hartu zituzten bizkaitarrak. Beraz, garbi geratu da Laukizko neskak munduko talderik onenaren aurka neurtu direla Munduko Txapelketa honetan, eta ez Europakoan, atzo iragarri genuen moduan. Txinatarrak oso kolpe motzak eta gogorrak jotzen dituzte, eta haiei eustea oso zaila izaten da.

Gizonezkoei dagokienez, 640 kiloko txapelketan, guztira, azkenean, 42 taldek jardun zuten bost taldeko sei multzotan eta sei taldeko bi multzotan banatuta. Gaztedi, Goiherri, Getxo eta Mutriku aritu ziren lehian euskal taldeei dagokienez. Getxok ez zuen final-zortzirenetara sailkatzea lortu, baina bai Gaztedik, Goiherrik eta Mutrikuk. Final-laurdenetara, ordea, soilik Gaztedi sailkatu zen, eta kanporaketa horretan amaitu zuen bidea Laukizko taldeak; Irlandako Boley Tow Clubek menderatu zituen gorritxoak.

Honekin amaitu dute euskal taldeek Munduko Txapelketa. Izan ere, selekzioa bezala lehiatzerik ez dutenez, klub gisa bakarrik aritzen dira.

Balantzea oso ona izan da, batez ere Gaztedirentzat, urrea, zilarra eta brontzea eskuratu dituelako. Kontuan izan Munduko Txapelketa batetik hiru domina jantzita etortzea ez dela inoiz samurra.

Goiherriren kasua guztiz ezberdina izan da. Euskal Herrian punta-puntan dabilen taldea da, eta, Munduko Txapelketara dominaren bat ekartzeko asmotan joan zen, baina ezin izan du bat bere ere lortu; kolpe handi samarra jaso du Ingalaterran.

Gainerako taldeak ahal zutena egitera joan ziren. Eskarmentua hartu eta beste nazio batzuetako taldeen aurka lehiatzea, hori zen asmoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo