Euri jasak memorian, «klik» egin eta 11 urteren ostean berriz ere kilometroak jaia hartzeko prestatzen ari da Azpeitia
Azpeitian badakite Kilometroak jaia antolatzea zer den. Birritan erakutsi dute eta datorren igandean berriz ere egingo dute. Izan ere, 11 urteren ostean, ate joka dute beste behin ere Kilometroak jaia azpeitiarrek. Datozen egunetan azken ukituak eman eta zerura begira egotea besterik ez zaie falta.
Ana ABARIZKETA
Aste neketsua izango da datorrena Azpeitiko Ikasberri ikastolan. Azken orduko hamaika kontu lotzeko izango dituzte, azken uneko deiak eta eskaerak ez dira faltako igandean dena prest izateko. Izan ere, muntaketa lanak hasita daude dagoeneko Gipuzkoako ikastolen jai nagusia ahalik eta ondoen igaro dadin datorren igandean.
Urola bailarako herrian aspalditik dira Kilometroak jaiaren usaian, aurreko urtean Lezok lekukoa pasa zien unetik bertatik hain zuzen ere. Makina bat ekitaldi egin dituzte ordutik: ikuskizunak, mahai inguruak, antzerkiak, mus txapelketa, futbol eta saskibaloi partidak... Izan ere, Kilometroak jaia ez da egun batera mugatzen; hala, motorrak aurretik jartzen dira martxan sosak bildu nahian, urtebeteko lana egun bakarrean jartzen baita jokoan.
Igor Elortza da buru-belarri lanean diharduenetako bat, baina ez bakarra. Hainbat langile eta makina bat boluntarioren laguntza dute antolatzaileek. Elortza Kilometroak 2011ko koordinatzailea eta Ikastolen Elkarteko langilea da. Eta berak eman digu igandean Azpeitian aurkituko dugunaren berri.
Sei kilometroko ibilbideak bost gune izango ditu Izarraitz mendiaren magalean, Loiolako zelaietan. Ikasberri ikastola bera ere ingurune horretatik oso gertu dago. Bosgarren gunea, ibilbidetik kanpo, herriko plazan izango da, zerbitzu batzuk bertan jarri nahi izan baitituzte. Hain zuzen ere, arratsaldean hartuko du protagonismoa plazak txosnen eta musika kontzertuen eskutik.
Gainontzean, nahi beste jan eta edan, ikuskizun ugari eta estilo desberdinetako musika ekitaldiak aurkituko ditu Azpeitira hurbiltzen denak. Kupela taldearen trikitia, Anje Duhalde edo Pantxoa eta Peioren kantaldiak edota Ken Zazpi eta Des-kontrol taldeen kontzertuak ez dira faltako. Herri kirolak ere izango dira, Euskal Herriko eta Alemaniako segalarien arteko demarekin. Rokodromoa eta jolas parkeak ere izango dira han eta hemen.
Ikasberri bigarrengoz antolatzaile
Azpeitiarrak ez dira berriak tamainako jaiak antolatzen. Igandean egingo direnen aurretik, birritan burutu da Kilometroak jaia herrian. 1979an izan zen aurrenekoz, eta, bigarren aldiz, 2000. urtean. Beraz, 11 urteko tartearen ondoren, lekukoa herrira itzuli da berriz ere; aurtengoa, gainera, Ikasberrik jaia antolatuko duen bigarren aldia izango da. Gipuzkoan dauden ikastola guztiak kontuan hartuz gero, ez da itxaronaldi luzeegia.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskal Eskola Publikoaren Legearen aurrean, ikastolen mugimenduari eutsi nahian jaio zen Ikasberri. Eraikina bera 1996. urtean inauguratu zuten. Horretarako lursailak erosi eta izugarrizko inbertsioak egin zituzten. Hala, eta laguntza gisa, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak 2000. urteko Kilometroak jaia antolatzeko ardura eman zion ikastolari. Tamalez, eguna heldu zenean, inork kontrolatzerik ez duen etsaia izan zuten: euria.
Iñigo Agirre izan zen 2000. urtean Kilometroak jaiaren koordinatzaile lanetan aritu zenetako bat; horrez gain, Ikasberriko guraso ere bada egun. Memorian arakatuz sentimendu gazi-gozoak etortzen zaizkio burura. Batetik, pena, denboralea tarteko; bestetik, poza, bai egunean bertan bai urte osoan zehar ere guraso eta boluntarioek erakutsitako kemena dela-eta. 2000. urteko urriko aurreneko egun hartan, 05.00ak alderako beste lagun batzuekin bildu zen azken uneko lanak egiteko. «Zirimiria baino gehiago izango genuela ikusten genuen, baina okerrena etortzeko zegoen: ordu erdi, ordubete, bi ordu... igaro eta ez zen gelditzen. Gainera, euri jasak gero eta gogorragoak ziren. Hasiera ofiziala emateko ordua hurbildu ahala, gero eta okerragoa zen egoera». Ez zuen atsedenik hartu egun osoan. Azkenean, eguneko protagonista nagusienetakoa bihurtu zen. Antolatzaileen aurreikuspenak ez ziren bete: 70.000 lagun inguru gerturatu ziren 100.000 espero zituztenean.
Dena ez zen tristura izan, ordea. Egun euritsuaren ostean kanpaina indartsu bat jarri zen martxan. «Ipiniezu aterkia Kilometroei» lelopean hilabete eta erdi inguru iraun zuen, eta Euskal Herri osotik sekulako babesa jaso zuen ikastolak. «Lantegi, sindikatu, eragile sozial, dendari, herritar xume... ikaragarria izan zen», gogoratu du hunkituta Agirrek. Jasotako diru laguntzei esker, aurreikuspenak betetzeko moduan izan ziren azkenean ia-ia. «Gaur egun oraindik ere, nahiz eta 11 urte pasa diren, eskerrak ematen jarraitu behar dugu», aitortu du guraso honek.
Berrikuntzak ere ekarri zituen 2000. urteko Kilometroak jaiak. Agirrek azaldu duenez, ikastolen jaietan lehen aldiz, dimentsio handiko karpak jarri zituzten. Europako hainbat herrialdetako enpresekin ere izan ziren harremanetan aurrekontuak eskatzeko. Azkenean, Andaluziatik iritsi ziren 8.500 metro karratu inguruko estalpeak. «Eta eskerrak, bestela akabo!», gogoratu du Agirrek. Sevillako enpresa bati eskatu zizkioten karpak eta Azpeitira ere gerturatu ziren pare bat egun pasatzera. Kilometroak jaia zer zen esplikatu zieten, eta andaluziarrek ezin zuten sinetsi ere egin karpa erraldoiak egun bakarrean erabiltzeko zirenik.
Esperientzia lagun, baliabide ugari prestatu dituzte azpeitiarrek hurrengo iganderako, eta, Elortzak dioen moduan, «ez diogu beldurrik euriari». Beldurrik ez, baina presente izan badute. «Uste dut eguraldiaz kezkatzen ez den bakarra naizela», aitortu du. Gainontzeko antolatzaileak han eta hemen galdezka aritu dira, baita eguraldian espezializatutako webguneetan begira ere. Aurreikuspenak betez gero, zortea lagun izango dute. Hala ere, badaezpada, behar adina jantoki eta aterpe prestatu dituzte.
Agirrerentzat ere aurtengoa oso bestelako jaia izango da. Lasaiago dago, eta jaiaz gehiago gozatzeko asmoa duela azaldu digu. Goizean goiz ibilbidean buelta bat emateko asmoa du, baita gero plazako giroaz gozatzekoa ere. «Beste ikuspuntu batetik bizi nahi dut jaia; oraingoan, gure ikastolaren jai nagusia ospatu nahi dut».
Bi lelo: «Hau da!» eta «Klik!»
Kilometroak jaiaren leloa «Hau da» izan zen 2000. urtean. Euskal Eskola Publikoaren eta ikastolen artean Ikasberrik bigarrenaren aldeko apustua egin zuela nabarmentzeko izan zen. Hori bai, Euskal Eskola Publikoaren sarearen barruan «ikastola» izena mantentzen duten ikastetxe publikoak ere badira. «Guk `Hau da!' gure ikastola esan nahi izan genuen». Orain, 11 urteren ostean, «Klik!» izan da aukeratutako leloa. Onomatopeia izateaz gain, irudia ere bada; aktibatu, martxan jarri eta aurrera. Elortzak azaltzen duen bezala, ikastolak horretan ari dira, baita euskara bera ere. Hori guztia islatu nahian sortu zuten «Klik!» leloa.
Leloez gain, badira bestelako ezberdintasunak ere. Ikasberri bera 2000. urtean baino indartsuago dago. Kilometroak jaiarekin lortutako dirua haurtzaindegia egiteko erabiliko dute batetik, eta, bestetik, azken urteotako inbertsioak ordaintzeko. Horrenbestez, euskaltzaleek Azpeitian dute zita datorren igandean. Izan ere, Kilometroak ez da soilik jai bat, «ikastolen proiektuari bultzada emateko jaia da, horrela gure herriko hizkuntzari ere bultzada ematen baitzaio eta hor baitago gure etorkizuna». Antolatzaileek ez dute inolako zalantzarik.
Antolatzaileak ez dira zenbakiak botatzen zaleak. Hala ere, 100.000 lagun bil daitezke Azpeitian datorren igandean eguraldia lagun. Hori dela eta, 26.000 ogitarteko eta 14.000 sagardo botila izango dira prest bertaratuek lasai jan eta edan dezaten. Horiek bukatuz gero, denak kontent.
Kilometroak jaiaren koordinazio lanetan buru-belarri dabilen Igor Elortzak onartu duenez, «Azpeitia ez da toki samurra garraiorako». Ez Azpeitian bertan ez gertu dauden gainontzeko herrietan ez dago tren zerbitzurik. Hala ere, beti dago irtenbideren bat, eta autobus zerbitzu andana izango dira datorren igandean bai Azpeitian bai inguruko herrietan.
Antolatzaileek aparkalekuak ere finkatu dituzte jada. Autoz herrira Bizkaia aldetik gerturatzen direnek, Azkoitian izango dituzte aparkalekuak; ostean, Loiolaraino hurbiltzeko etengabeko autobus zerbitzua izango da indarrean egun osoan zehar. Loiola ibilbidearen laugarren gunea da eta Azkoititik abiatuta hiru kilometro inguru daude. Autobusak ibilbideraino gerturatuko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Azpeitira Donostia aldetik iristen direnek, berriz, Landeta auzoan izango dituzte aparkalekuak. Bertan ere makina bat txoko prestatu dituzte ahal adina aparkaleku izateko.
Antolatzaileek, hala eta guztiz ere, Euskal Herri osoan Kilometroak jaira joateko antolatutako autobusak erabiltzeko deia luzatu nahi izan dute. Izan ere, horrela eginez gero, askoz ere auto gutxiago hurbilduko dira Azpeitira, eta, ondorioz, arazo gutxiago sortuko dira. Era berean, Euskotreneko webgunea -www.euskotren.es- kontsultatzeko ere eskatu dute antolatzaileek, iganderako zerbitzuak zehazten ari baitira oraindik eta bertan jarriko baitituzte ordutegi bereziak. A.A