GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoen eskubideak lortzeko bidean, abian da Donostiako Herri Bilgunea

Egin Dezagun Bidea ekimenaren baitan aurkeztu zuten atzo Donostiako Herri Bilgunea, egungo espetxe politikarekin amaitu eta euskal presoak etxeratzeko asmoa duen lantalde parte-hartzailea. Datozen hilabeteetarako ekimen eta mobilizazioak antolatu dituzte, eta horietan parte hartzera deitu zuten. Parte hartzea bultzatzeko webgunea ere aurkeztu zuten.

p022_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Etengabe atxikimenduak batuz, milaka dira Egin Dezagun Bidea sortu zenetik ekimenari bere babesa azaldu dioten eragile, elkarte nahiz herritarrak. Euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen alde egiten duen mugimenduak atzo aurkeztu zuen Donostiako Herri Bilgunea, alegia, Gipuzkoako hiriburuan bide horretan lanean arituko den lantalde parte-hartzaile eta irekia.

Herriz herri jaiotzen ari direnen taldeetako bat da Donostiakoa, «ilusio, indar eta elkarlanarekin sorturikoa», Zuloaga plazan egindako aurkezpenean bultzatzaileek adierazi zutenez. Donostiako kasuan, dagoeneko auzoetan presoen eskubideen alde lanean diharduten talde txikiagoak batu nahi izan dituzte; hori bai, auzoetako taldeek ere lanean jarraituko dute.

«Donostiako Herri Bilguneko partaideok preso eta iheslari guztiak etxeratzeko bidea, amnistiaraino eramango gaituen bidea egiteko konpromiso sendoa hartu dugu», esan zuten. Euren aburuz, helburua betetzeko lehentasunezkoa da gaur egun Estatu espainolak eta frantsesak kartzeletan euskal presoen aurka ezartzen dituzten neurriekin amaitzea. «Muturreko neurriak indargabetzea eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa gatazka konpontzeko prozesuan eragile aktiboa izan dadin ahalbidetzea» dute helburu.

Gatazkaren konponbidean, bake eta demokrazia egoerara eramango duen prozesua garatzen ari dela ere iritzi zuten. Horregatik, «errepresio irizpideen arabera antolaturik dagoen espetxe politika errotik aldatu eta konponbide klabeetara igarotzea» eskatu zuten.

Lanari «gogotsu» ekin diotela baieztatuz, datozen hilabeteotan ere horrela jardungo dutela bermatu zuten. Zereginen artean, ekintza eta mobilizazio zabalak antolatuko dituzte, herritarrak eta eragile ezberdinak inplikatuz.

Ekimen agenda oraindik zehazteke dagoen arren, lehen bi eskakizunak plazaratu zituzten. Alde batetik, eta Donostiako Alde Zaharreko bizilagunek jasandako mehatxuak gogoratuz, hiriburuko leiho eta balkoietatik preso eta iheslarien aldeko banderolak zintzilikatzea eskatu zuten, jasotako eskutitzen aurrean erantzun irmoa azaltzeko, eta, aldi berean, «errealitate gordin hori» ahalik eta begi bistakoen egiteko.

Bigarrena deialdia, azken ostiraletan egin ohi den bezala, enkarteladetan jende orori parte hartzeko eskakizuna luzatzea izan zen. Hurrengo hitzordua hilaren 30ean izango da, 20.00etan Konstituzio enparantzan, hain zuzen. «Enkarteladatan ahalik eta jende gehien elkartzea oso garrantzitsua da, batetik preso bakoitzari geure babesa agertzeko, eta, bestetik, gatibu dagoen presoaren familiari bakarrik ez dagoela adierazteko. Izan ere, senitartekoek ere karga handia daramate», adierazi zuen ekimeneko partaide batek.

«Gertuko errealitatea»

Euskal Herriko hainbat presoren egoera azaldu ostean, Donostiako bertako zenbait preso hartu zituzten hizpide. «Donostiak gertutik sufritu du eta sufritzen du euskal preso politikoen aurkako espetxe politika krudela», gogoratu zuten. Hala, besteak beste, Oihane Errazkinen heriotza gogorarazi zuten, 2004. urteko uztailean Pariseko Fleury-Merogiseko kartzelan zendua.

Gogorarazi zuten orotara 74 donostiar daudela preso uneotan kartzela frantses eta espainoletan, alegia, euskal presoen %10. Gaineratu zutenez, horietatik guztietatik bakarra dago Euskal Herrian.

Herri Bilgunearen aburuz, donostiarrentzat ere «oso gertuko errealitatea da euskal preso politikoek eta beraien senideek bizi duten sufrikarioa». Horren erakusle, bost dira 197/2006 doktrinaren aplikazioaren ondorioz zigorra luzatu dieten donostiarrak: Jon Aginagalde (27 urte daramatza kartzelan), Txomin Troitiño (24 urte preso) eta Maitane Sagastune, Josetxo Etxeberria eta Joseba Arizmendi (20 urte daramatzate preso).

Larriki gaixorik dauden presoak ere oroitu zituzten, beraien berehalako askatasuna eskatuz. Txus Martin, Ibon Iparragirre eta Mila Ioldi dira horietako batzuk. Beste zortzi etxean preso daude, kontrol neurri zorrotzekin. Tartean daude Juanjo Rego eta Belen Gonzalez donostiarrak.

Ekimen berrian parte hartzeko eta salaketan indarra egiteko atxikimenduak batzea ezinbestekoa denez, www.egindezagunbideadonostia.com gunea aurkeztu zuten, elkarlanerako eta komunikaziorako tresna garrantzitsua izango dena.

Deialdi bikoitza

Donostiako Herri Bilguneak bi deialdi egin zituen atzo. Batetik, balkoietan banderolak jartzea, eta, bestetik, hilaren 30ean 20.00etan Konstituzio plazan egingo den enkarteladan parte hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo