«Arte eszenikoak eta ekintza politikoa» ikastaroa emango du Marco Canalek Bilbon
GARA | BILBO
Marco Canale (Buenos Aires, 1977) antzerkigile eta zuzendari argentinar gazteak «Arte eszenikoak eta ekintza politikoa» ikastaroa emango du Bilbon, BAD Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdiaren barruan. Ikastaroa urriaren 24tik 27ra bitartean izango da, eta sorkuntza eszenikoan interesa duten pertsonei, esperientziadunei zein hasten ari diren gazteei, dago zuzenduta.
Gai politikoek eta autobiografikoek funtsezko tokia dute Canaleren obran. Horren erakusle dira arreta euskal gatazkan jartzen duen «La bala en el vientre», Argentinako borroka armatuari buruzko «Evita Montonera» eta erbestera joateko erabaki pertsonal eta politikoa aztertzen duen «Piel de rinoceronte» -Alberto Conejerorekin eta Julio Salvatierrarekin elkarlanean idatzitako lana da-.
Antzezlana
«La puta y el gigante» bere azken lana ere aurkeztuko du urriaren 29an eta 30ean Bilboko La Fundicion aretoan Canalek. Egun gutxi batzuk lehenago emango du, hain zuzen ere, sorkuntza eta ikerketa eszenografikoari buruzko bere ikastaroa.