GARA > Idatzia > Kultura

Elustondo eta Lizaso final laurdenetan daude dagoeneko

Final zortzirenetako beste bi saio jokatu dira asteburu honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, Eibarren eta Lazkaon. Horrenbestez, erabaki dira jada Gpuntuko final laurdenetan arituko diren beste bi bertsolariren izenak: Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso.
p051_f01_48x100.jpg

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako beste bi saio izan dira asteburuan, Eibarren eta Lazkaon, eta protagonista bi izan dituzte: Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso. Izan ere, biak pasatu dira zuzenean final laurdenetara.

Nerea Elustondok 516 puntu lortu zituen Eibarren, orain arteko puntuaziorik altuena. Elustondoren atzetik geratutako gainontzeko bertsolariek zain egon beharko dute aurrera egiten duten jakiteko. Hain zuzen ere, honakoak dira Eibarko Coliseo antzokiko oholtza gainean izan ziren beste bertsolariak: Iñaki Gurrutxaga (495), Agin Rezola (491), Jokin Labayen (449), Felix Zubia (464,5) eta Iker Osa (442,5).

Larunbatean egindako saioan, 300 lagun batu ziren Coliseo antzokian. Saioa motel hasi bazen ere, lanaldia ondo itxuratu zuen azkenean seikoteak. Batez ere zortziko txikian aritu ziren ondo bertsolariak, ale ederrak eskainiz, umore eta hitz jokoz beteak. Kartzelako saioari dagokionez, honako gaia izan zuten: «Askotan pentsatu duzu: noiz hilko ote da?».

Lehenengo betekada

Lazkaoko Areria kulturgunean Gpuntuko lehen betekada izan zen atzo. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, saioa hasi baino 45 minutu lehenago sarrera guzti-guztiak amaituta zeuden. Hala, 400dik gora lagun bildu ziren Lazkaoko saioan.

Beñat Lizaso izan zen puntu gehien eskuratu zituen bertsolaria, 480,5 bilduta. Nahikari Gabilondo (469), Iban Urdangarin (461), Unai Muñoa (454), Adur Gorostidi (432,5) eta Beñat Iguaran (461) ere aritu ziren bertsotan.

Indartsu hasi ziren bertsolariak Lazkaon, lehen agurrak bota ostean Iparragirreren doinuan ale bikainak entzun baitziren. Zortziko txikiko saioa, aldiz, gorabeheratsuagoa izan zen,.

Ondoren, honako kartzelako gaia jarri zieten bertsolariei: «Armairua ireki eta soinekoari begira zaude berriro ere». Bide oso ezberdinak hartu zituzten bertsolariek: andregaia galdu zuenik izan zen, baita hirugarrengoz ezkontzera zihoanik ere.

Bertsozaleek Elgoibarreko herri antzokian dute Gpuntuko hurrengo hitzordua. Saioa larunbatean, urriak 1, egingo da, 17.30etik aurrera. Antolatzaileek Errazu Bertso Eskolaren laguntza izango dute, eta, oholtza gainean, Egoitz Eizagirre, Jokin Uranga, Joxe Munduate, Mikel Arrillaga, Oier Aizpurua eta Unai Gaztelumendi izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo