Agosti Xaho abertzale, idazle eta euskaltzaleari omenaldia
Agosti Xaho politikari eta idazlea jaio zenetik 200 urte bete direnean hainbat ekimen antolatuak izan dira bera omentzeko. Eusko Ikaskuntzak hitzaldiak eta mahai inguruak egingo ditu Baionan urriaren 8an. Hendaian Xabier Zabaltzak idatziriko biografia aurkeztuko dute.
Idoia ERASO | BAIONA
Atharratzen 1811ko urriaren 10ean jaio zen Agosti Xaho Lagarde, gizon publiko adierazgarria izan zena. Kazetari, idazle, politikari, legegizon eta hizkuntzalariaren ikuspegiak jorratuko dira bere urteurrenaren karietara antolatu dituzten ekimenetan. Xahoren izaera anitz eta konplexua aditzera emanen da bereziki Eusko Ikaskuntzak Baionan antolatu duen egun osoko jardunaldian. Bertan, Fermin Arkotxa, Jean-Claude Larronde, Xabier Ezeizabarrena eta Elisabete Zubillaga izango dira, besteren artean.
Eusko Ikaskuntzakoa ez da, aldiz, omenaldi bakarra izanen, ekitaldi akademikoen biharamunean Xahoren jaioterrian ere ekitaldi kulturalak izanen dira. Urriaren 4an Xabier Zabaltzak idatzi Xahoren biografia aurkeztuko da Hendaian. Lakuako Gobernuko Kultura Sailaren babespean argitalpena euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez plazaratuko da.
Baionako Euskal Museoan ere urteurrenaren karietara Xahori omenaldia egin nahi diote. Horretarako erakustokiak gordetzen dituen argitalpen eta dokumentuen bilketa eginen da eta Atharratzen antolatu zen erakusketa ere agertuko da. Azken hau Bilbora ere joanen da Xahoren lagunen elkarteak eskatuta.
Eusko Ikaskuntza
Euskal Herriko historian gizon garrantzitsua izan zenari omenaldia egiteko Eusko Ikaskuntzak Xaho hobekien ezagutzen duten ikerlariak gonbidatu ditu. Xahoren izaera konplexua islatzeko ikuspuntu ezberdinak aurkeztuko dituzte.
Mintzaldien bitartez ezagutarazten saiatuko den gizonaren deskribapena horrela egiten du Eusko Ikaskuntzak: «Gizon erromantiko, esoterismozale bero, azti sinesteko profeta, errepublikazale sutsuenetarik Ipar Euskal Herrian baina ere karlista kartsu Hego Euskal Herrian, euskararen begirale handi, euskal abertzaletasunaren aitona eta betidanik luma xorrotx ika-mikazale».
Battittu Coyos linguista eta euskaltzainak Xahok ortografia bateratu bat sortzeko izan zuen kezka nabarmenduko du.
Xipri Arbelbidek eta Xabier Zabaltzak ikuspegi historikoa landuko dute. Lehenak II. Errepublikaren hastapenean gizarteko aktore ezberdinak nola elkartu zituen azpimarratuko du, Eliza barne, antiklerikal sutsua izanik ere. Zabaltzak ideologikoki Xahorengan atzematen diren paradoxa eta kontraesanetan murgilduko da. Bestalde, Xabier Ezeizabarrenak abertzaletasunaren ikuspegitik aztertuko du politikaria.
Fermin Arkotxak kazetariaren ibilbidea aztertuko du goizean, eta arratsaldean ideologia politikoa garaiko gizartean kokatuko du. Gizon historikoari buruzko tesia egiten ari da Arkotxa eta horrela definitu zuen Jean-Claude Larrondek: «Munduan Agosti Xaho hobekien ezagutzen duen pertsona».
Joseph Zabalok Xahoren esoterismoarekiko zaletasuna aztertuko du, bereziki euskal mitologiari loturik.
Elisabete Zubillaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak «Nafarroara bidaia euskaldunen matxinadaren garaian» Xahoren lana aztertuko du. Marie-Andree Ouretek politikari eta idazleari buruzko informazioa bilatzeko iturriak zerrendatuko ditu.
Hitzaldiei bukaera emateko Jean-Claude Larrondek Xahoren abertzaletasuna aztertuko du.
Ugariak izan dira sorterrian Agosti Xahori egin dizkioten omenaldiak. Abuztutik goiti kantaldi eta erakusketa bat antolatuak izan dira Zohardia kultur elkartearen eskutik. Erakusketak Atharratzetik Baiona eta Bilbora ere egingo du bidaia.
Sortegunaren urteurrenaren bezperan, urriaren 9an, kantuek, dantzek, bertsoek, eta antzezlanek alaituko dute Atharratze, Zohardiak elkartearen lanari esker.
Idazle eta politikari ezaguna sortu zen etxearen aitzinean hasiko dituzte ekitaldiak. Bertan bere omenezko plaka bat ezarriko da kantu, dantza eta bertsolariek alaituta.
Pastoralaren estiloa gogoan, antzerki moduko bat izango da ondotik. Bertako laborariak garai bateko jantziekin ibiliko dira tzintzarrada jarraituz Daguerre gazteluraino. Bertan Xahok 1848an idatzi zuen testu bat irakurriko du bere eitea hartuko duen aktore batek. Gero garaiko merkatu eguna oroitaraziko da.
2011ko Xaho saria banatuko da gero, aurten Baionako Euskal Museoari eskaini nahi izan diote, euskal kultura eta euskararen alde egin lanagatik. I. E.
Baionan, Hendaian, Bilbon eta Atharratzen Agosti Xaho politikari eta idazlea omentzeko ekimenak egingo dira. Jaio zeneko bigarren mendeurrenaren ospakizunek mota guztietako omenaldiak bilduko dituzte.