Bertako moneta sortzeko bidea urratzen hasi dira Ipar Euskal Herrian
Euroaren parean, lekuko moneta sortzeko egitasmoa abiatu berri da Ipar Euskal Herrian. Urtebete barru txanpon berezia martxan jartzekotan dira, eta ondotik Euskal Herri osora hedatu nahi dute. Moneta propioa, ekologikoa eta solidarioa izango da.
Ainize BUTRON
Estatu frantseseko Villeneuve-sur-Lot herrian martxan den «abeille» izeneko dirua, eta, berezikiago, Alemaniako Bavaria eskualdean azken bederatzi urteotan indarrean dagoen «chiemgauer» monetaren esperientzian oinarriturik, lekuko dirua sortzeko egitasmoa abiatu dute Ipar Euskal Herrian. Joan den ostiralean lekuko hamar bat elkarteetako ordezkariekin egindako lehen bilerarekin eman zioten abiapuntua moneta sortzeko prozesuari. Abenduan emanen dute bigarren urratsa, elkarte ordezkariz eta militantez osaturiko talde sustatzailea martxan jarriz.
Proiektua ez da guztiz zehaztua; halere, egitasmoa sustatzen duten hiru kiderekin hitz egiteko aukera izan du GARAk, oinarrizko puntuak aipatzeko. Jonathan Palais, Pierre Curutcharry eta Jean Noel Etxeverryk hiru ardatz nagusi goraipatu dituzte monetaren definizioa ematean: euskalduna, ekologikoa eta solidarioa.
Lekuko monetaren helburu nagusienetarikoa da kontsumoa eta ekoizpena, hala nola ekonomia berriro lekutzea, eta, bide horretatik, nazioartean aldaketa klimatikoaren aurka egiten den borrokari tokian tokiko alternatiba bat eskaintzea. Proiektuaren sustatzaileek, Euskal Herrian izaki, lurraldetasunaren irizpidea kontuan hartzea erabaki dutela jakinarazi dute. Eta, oraingoz, egitasmoa Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoara mugatu badute ere, gerora Euskal Herri osora hedatzeko asmoa dute. «Moneta, berez, eremu zehatz bat biziarazten duen instituzio bat da. Ipar Euskal Herrian ez dago instituziorik. Monetak funtzionatzen duen lurraldean nortasun kolektibo bat sortzen da, eta, horrela nortasun eraikitzailea da», azpimarratu du Jean Noel Etxeverryk.
Euskal Herri osoan hedapena bi moldetan egiteko aukera izango lukete: monetaren erabilpenaren eremua gutxika handituz edota Euskal Herriko beste eremu batzuetan abiatzen diren mota bereko proiektuekin elkartuz.
Villeneuve-sur-Lot-en eta Bavarian martxan diren esperientziak hurbiletik aztertu dituzte hiru proiektu eramaileek, eta, beraz, monetaren finkatzeari buruzko zenbait xehetasun eman dituzte. Horrela, argi utzi dute xedea ez dela euroarekin lehiatuko den moneta bat sortzea, euroaren ondoan osagarri gisa funtzionatuko duena baizik. Elkarte batek kudeatuko luke moneta hori, eta ehun euroren truke lekuko diruaren ehun unitate eskuratuko lituzkete kontsumitzaileek. Diru hori moneta berriaren sareko partaide diren komertzio, enpresa eta elkarteetan baliatzeko aukera izango lukete. «Sarearen partaide izateko, enpresa, komertzio eta ekoizleek irizpide zehatzak errespetatu beharko dituzte. Irizpide horiek inguramenari lotuak izateaz gain, sozialak ere izan beharko dute, bai eta euskararen erabilpen edo sustapenaren aldekoak», zehaztu du Jean Noel Etxeverryk.
Euroaren osagarri
Talde sustatzaileak sarean parte hartzeko enpresa, ekoizle eta komertzioek errespetatu beharko dituzten printzipioak definituko dituzte xehekiago, baita funtzionamendua zein izango den ere. Halere, tartean, zenbait puntu argitu dituzte proiektu eramaileek. Faltsutu ezineko bat, bi, bost, hamar eta hogei unitateko diru-paperak inprimatu ondoren, horiek eurotan baliokide duten billeteengatik trukatuko dituzte. Trukea egiten duen herritarrak ezingo du alderantzizko trukea egin. Aitzitik, tokiko monetaren ituna izenpetzen duten enpresa, herriko etxe, elkarte, ekoizle, artisau eta saltegiek eskuratzen dituzten diru paperak euroengatik trukatu ditzakete. Halere, aldaketa hori eginez, billetearen balioaren hein bat galduko dutela azaldu dute hiru hizlariek. «Oraindik ez dugu finkatua zenbatekoa izango den galtzea. Hori eginez, txartel berriak inprimatzeko diru zama bat ziurtatzen du elkarteak, eta, halaber, enpresa edo eragileei moneta hori erabiltzeko lehentasuna ematera behartzen diegu», ohartarazi dute. Bavarian eta Villeneuve-sur-Loten, esate baterako, galtzea %2 eta %5ekoa da.
Banketxe eta moneta horren arteko loturari dagokionez, egitasmo etikoak bultzatzeko soilik baliatzen ahalko direla erran dute sustatzaileek. «Banketxe batek lekuko garapenerako egitasmo bat aurrera eraman nahi badu, moneta baliatzen ahalko du. Baina, ez banku inbertsio bat egiteko», zehaztu dute.
Moneta berriaren sortzaileek moneta gizartea aldatzeko bitartekari berri bat izatea nahi dute. «Errealitatean eragina izateko indarrak batzeko medio bat da moneta. Eta, denbora berean, euskararen erabilpena bultzatuz, hizkuntza bizitza publikoan murgiltzeko era bat ere bada», erran dute hizlariek.
Diruaren hedapena handitzen den heinean, ituna osatzen duten baldintzek lekuko ekonomian eragina izango dutela espero dute sustatzaileek.
Gutxienez urtebeteko epea eman diote beraien buruari lekuko diruaren egitasmoa finkatu eta moneta berria lekuko ekonomian hedatzeko. Lehen urratsa, moneta eurotan trukatzeko prest diren mila kontsumitzaile bilatzea izango da, diru txartelak inprimatu ahal izateko, eta, horrekin sare bat osatzeko. Espekulaziorik ez izateko, diruaren baliagarritasuna epe laburrekoa izango dela azaldu dute Etxeverry, Palais eta Currutcharryk. «Indargabetzen den moneta bat da; horrek bere zirkulazioa areagotzen du. Gehienik bi urteko biziraupena izango dute billeteek», adierazi du Jonathan Palaisek. A.B.